Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Esna aldiak

2018ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Hutsunea nabaritu dut aurten, Donostiako Zinemaldian egoteko aukera izan ez dudalako; baita atzerrian bizi eta zinemazaleak diren beste lagun euskaldun batzuek ere. Eta beharbada Zinemaldiak ere nabarituko zuen gure falta —tira, utz iezadazue amesten pixka batez—; Jose Luis Rebordinos jaialdiaren zuzendariak Hollywoodeko izarren presentzia bereziki azpimarratu baitzuen El Diario Vasco-k egindako elkarrizketan. Zinemaldia bukatuta honakoa adierazi zuen: «Oso pozik gaude. Edizio oso ekilibratua izan da. Inoiz ez dugu hainbeste Hollywoodetik ekarri Donostiara, hori horrela da. (…) Estres maila altua suposatzen du taldearentzat, baina gogobetetasuna handia da». Elkarrizketa horretan ere aitortu zuen badagoela aurtengoa gustatu ez zaionik. Akaso, ekilibratua zeri deitzen diogun erlatiboa delako. Horregatik, arrazoia du gauza batean: «Bakoitzak bere ikuspuntutik ikusten du Zinemaldia». Hori horrela da.

Euskal ekoizpenek —eta haien izarrek— ere inoizko presentziarik handiena izan dute aurten. Beraz, aukeran, hori (ere) azpimarra zezakeen Zinemaldiaren zuzendariak. Jakina, hautua norberari dagokio. Ramon Agirre aktore ezaguna da, antzerkian, zineman eta telebistan egindako lanagatik. Aurten, gainera, jaialdiko Zinemira saria eman diote. Oroitzapen politak ditu hasierako lan urteei buruz. Orduan ez zen ETB existitzen eta antzerkia zein zinema egiteko deitzen zioten. «Zortea» izan duela aitortzen du, badaudelako «euskal profesional on dezente kanpoan, eta horietako asko lanik gabe».

Horiexek ikus-entzun dizkiot Agirreri Naiz atariko bideo labur batean. Jada klasiko bat bihurtu den euskarazko zinemaren loraldiaz gogoeta egiten du: «Esna aldia izan liteke, loraldia ez dakit. Aste batean ikus dezakezu gure zinematografia osoa, beraz, ez dira film asko. Mugarritxo bat izan zen Aupa Etxebeste! (2005) eta azken urteetan ekoizpen maila gora doa. Kalitatea zer esanik ez. Miraria da halako emaitza hain film gutxi izanda». Orain, hori mantendu eta elikatu behar dela dio. Hori horrela da.

ETBn izan zen esna aldi bat 1980ko eta 1990eko hamarkadetan, atzerrian aspalditik bizi diren euskal lagun horiek oraindik gogoan dutena, baina esan diet badirela urte batzuk lorerik ez direla gure lorategian. Ezta fikziozkoak ere. Hori horrela ere bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.