Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Galesaren hutsuneak betez

2019ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Aste osoa daramat Galesen. Ikerketa laburra egitera etorri naiz. Bi hizkuntza hitz egiten dira hemen: galesa —jatorrizkoa— eta ingelesa. Lehenengoa, ordea, egoera gutxituan dago. Hiru milioi lagun inguru bizi dira Galesen eta biztanleen %20k soilik hitz egiten du galesa: 600.000 hiztunek, gutxi gorabehera. Lurraldearen iparraldean eta mendebaldean kokatzen dira hiztun gehienak. Galesetik kanpo, gainera, beste 100.000 hiztun gehiago daude. Zeelanda Berrian, Kanadan eta AEBetan, besteak beste. Hala, ia 750.000 hiztun izango lituzke galesak guztira. Euskararen antzera, alegia.

Euskal Herriaren eta Galesen artean, baina, antzekotasun gehiago daude. 1980ko hamarkadan, biek sortu zuten jatorrizko hizkuntzan emititzeko telebista propioa: ETB eta S4C —Sianel Pedwar Cymru (Galesko Laugarren Katea)—, hurrenez hurren. ETB ez bezala, S4C modu elebidunean hasi zen emititzen; galesez eta ingelesez. Egun, ordea, programazio osoa da gales hutsez. Caerdydd hiriburuan dago telebistaren egoitza nagusia, eta orain dela sei hilabete, sorkuntza kreatiborako espazio berria eraiki zuten Caerfyrddinen: Canolfan S4C Yr Egin izenekoa. Galeseko Trinity Saint David Unibertsitatearen aldamenean dago, hain zuzen ere, lankidetzan aritzeko. Carys Ifan zuzendariaren arabera, S4C hirigunetik ateratzeko helburua da landa eremuko hizkuntza komunitatea eta ekonomia indartzea. Dioenez, hasiera batean, herritarrek ez zuten begi onez ikusi aldaketa. Orain, aldiz, jarrera positiboa dago, «hutsune bat bete dutelako».

Telebistaren eta galeseko ikus-entzunezko sektorearen beste hutsuneetako bat Hansh (kosk egin) egitasmoari esker bete dute. Interneterako eta audientzia gaztearentzat zuzendutako bideo laburren saioa da. Aled Evans eta Sam Rhys ekoizleekin bildu nintzen atzo. «Bazegoen behar bat 16 urtetik gorakoei eduki berriak eskaintzeko galesez», azaldu dute. Zehazki, audientzia hori Interneten harrapatzeko. 2015ean hasitako Pump saioaren jarraipena da Hansh, non modu informalean herritarrek egindako bideoak emititzen zituzten. Saio haren arrakasta ikusita, S4Ck segida ematea erabaki zuen. Egun, Interneterako sortu dute Hansh. Baina oso ospetsua egin da eta aurrekontu handiagoa du orain. Gainera, telebistaz ere emititzen hasi dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.