Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Enpatia (eta II)

2019ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Inork ba al daki Puntu koma websailean soldatak lan hitzarmenaren arabera ordaindu diren?». Horixe galdetu du lagun batek Whatsappeko talde batean. «Ideiarik ez», erantzun du beste batek.

Websailak, dirudienez, ez daude hitzarmenaren barruan oraingoz. «Sarean emateko edukiak direnez, salbuespen bihurtzen ditu», azaldu du ekoizle batek Whatsappeko talde berean. Puntu koma bezalakoetan, esan duenez, aktoreen eta lantaldearen lana ordaintzen da, baina ez hitzarmenak zehaztu bezala. «Horregatik, ez nien utzi gurea ETBn emititzen. Ez zelako bidezkoa», gehitu du ekoizleak. «Ondo egina, aizu», erantzun du emakumezko euskal aktore batek.

Nik ere gauza bera pentsatzen dut. Hau da, websailak ez dira telebistan emateko edukiak, printzipioz; eta telebistan ematen diren kasuetan, telebistako ordainsariak erabili beharko lirateke profesionalen lana ordaintzeko. Egia da gaia delikatu samarra dela. Une honetan arautu nahian dabiltzan esparru bat baita. Ildo horretan, esaterako, interesgarria litzateke Euskal Aktoreen Batasunak (EAB) zer dioen jakitea. Egun, ez da gauza erraza websail bat sortzea. Gutxieneko baliabide ekonomikoak, teknikoak eta artistikoak izatea beharrezkoa da. Horri gehitu behar zaio Interneteko plataforma indartsu batekin kontratua lortzeko konplexutasuna. Behin hori duzunean, audientzia datuen faltan, bigarren denboraldia ziurtatzea kasik amets bat da. Bestela, galde diezaiotela Puntu koma-ko ekoizleei. Beraz, nola arautu edo negoziatu websail baten ordainsariak telebistan? Horrek ere ez dirudi gauza erraza.

Esango nuke azpikontratazioaren antzeko sistema bat bultzatu dezaketela telebistek. Alegia, websailak arautu gabeko esparru baterako ekoizten baitira, baina gero arautua dagoen medio batean emiti daitezke. Whatsappeko talde horretako lagun batek esan duenez, Puntu komaren kasuan, zehazki, soldaten arteko aldea negoziatzen ari dira orain. Hau da, EITBko Interneteko atarian emateaz gain, ETB1en emititzeagatik ere lantaldeari gehiago ordaintzeko helburuaz.

Prozesu horretan, izango du EITBk enpatiarik? Jarriko al da bestearen tokian? Alegia, pantailaren beste aldean dagoenarekin? Zer jende klase izango du haren bueltan? Ez hori bakarrik, websailaren lantaldea neoliberalismoaren tranpan eroriko al da?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.