Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Arnasa luzekoak

2019ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
ETB1eko Artefaktua saioaren hirugarren denboraldia da aurtengoa. Ez du inoiz ordutegi oso onik eduki, ezta aurten ere: larunbata, 15:00etan. Ez behintzat literatura gustuko dutenentzat. «Idazleen mundua ahalik eta hobekien erakustea eta ezagutzea» dira saioaren helburu nagusiak. Horregatik, ezin izan dut saihestu Booktegiren ElkarrizKatea-rekin alderatzea. Artefaktua baliabide tekniko eta ekonomiko gehiagorekin ekoizten den tartea dela esango nuke. Baliabide horiei esker, aire librean grabatzeko aukera dute. Horrek, neurri handi batean, telebista saioaren dinamika eta erritmoa arintzen ditu. Eta biziagoa egiten du ikus-entzunezko pieza. ElkarrizKatea, aldiz, dena grabatzen dute barrualdean. Ondorioz, astun samarra irudi dakioke ikusle askori; ia ordu bat leku berean ematen baita. Kasu horretan, agian, berritasun bat izan liteke elkarrizketatzailearekin zein elkarrizketatuarekin kanpoaldean aurrez (edo gero) grabatutako irudiak tartekatzea postprodukzioan. Halere, elementu on bat nabarmenduko nuke haren alde: kanpora ez irteteak elkarrizketari arreta osoa ematea ekartzen du; arnasa luzeko telebista sortuz eta arreta jarri duen ikuslea gogoeta egitera bultzatuz.

Pako Aristi idazlea gonbidatu zuten pasa den larunbateko Artefaktua saiora. Eguraldi onak inspiratu egiten duela esan zuen Aristik. Bereziki, Getariara (Gipuzkoa) joaten denean paseatzera sentitzen da horrela. Itsasoaren aldamenean. Hogei urte kostatu zaio, ordea, eleberri bati heltzea: Rosa itzuli da. Zergatik? «Behar delako gai bat benetan motibatzen zaituena». Nobela bat idaztea ez da gauza erraza. «Gaiak heldu egin behar zaitu. Atera nahi hori sentitu behar duzu. Idatzi behar duzula sentitu arte», esan du Aristik. Lan berria idazteko, hedabideak izan ditu dokumentazio iturri nagusi. Egunkari asko irakurtzen ditu. «Luparekin» begiratzen dituela aitortu du. Horrez gain, pertsona errealak ere baliatu ditu. Kartzelan egondakoak, kasurako.

Yolanda Mendiola aurkezlea ez zitzaidan bereziki gustatu atal horretan. Nahiko motela da haren estiloa. Ez zen oso hurbileko agertu, adibidez. Iruditzen zait, oro har, elkarrizketatuarekin hartu-eman gehiago izan behar lukeela. Baita galdera-erantzun soilean oinarritzen den gidoitik atera behar litzatekeela ere. 30 minutuko saioa aberastuko luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.