Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Susi Caramelo

2019ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Diotenez, sare sozialetan ez bazaude, ez zara existitzen. Eta, egia esan, sare sozialetan ikusi dudan arte ez nuen Las que faltaban telebista saioaren berri. Zehazki, Movistar+ ordainpeko plataformaren eta Globomediaren (The Mediapro Studio) arteko produkzioa da, eta igandero (23:00) ematen dute, #0 katean. Emakumeek bakarrik egina da tartea —kamera aurreko lana, bederen—: Thais Villas (aurkezlea), Henar Alvarez (gidoigilea), Eva Soriano, Susi Caramelo, Nerea Perez de las Heras eta Victoria Martin. Aurtengoa saioaren bigarren denboraldia da. Sei atal eman dituzte, eta guztiak daude erabilgarri nahieran zerbitzuan. Orain arte, baina, kolaboratzaileek egindako bideoek ez zuten arreta handirik bereganatzen sare sozialetan. Susi Caramelok egindako azkena, aldiz, birala egin da Twitterren. Ez, ordea, landutako edukiagatik, kazetariak egindakoagatik baizik.

Moda diseinatzaile ohi baten perfume berriaren aurkezpen ekitaldira bidali zuten Caramelo. Eta hainbat pertsonaia famatu elkarrizketatu ondotik, titiak erakutsi zizkion kamerari. Las que faltaban-eko ikusle guztiei, hain zuzen ere. Hori baliatuta, Movistar+eko saioak Twitterreko kontuan erantsi zuen bideo laburra, eta izugarrizko oihartzuna bereganatu zuen denbora laburrean. Nola ez. Komentario baikor eta babes mezu ugari jaso ditu Caramelok, «modu naturalean» egindakoa goraipatuz.

Kontua da kazetariak Instagram plataformarekin duela borroka bat aspalditik: hainbat alditan saiatu da bere titien argazkiak igotzen, baina Instagramek zentsuratu egin ditu beti. Areago, haren kontua ixtearekin mehatxatu dute berriemailea. Honakoa esan zion kolaboratzaileak Thais Villas aurkezleari platoan: «Hau egin dut aurpegi eder bat besterik ez naizela pentsa ez dezazuen; Instagramen nahi ez badituzte, jan ditzatela Movistar+en».

Saioaren hainbat kapitulu ikusi ditut ordutik, eta, oro har, nahiko ona da. Tonu ganberroa du, eta umorea da gai guztien ardatza. Bestalde, aktualitate telebisiboari lotutako gonbidatuak eramaten dituzte, zuzeneko musika kontzertuak eskaintzen dituzte, eta protagonismo osoa emakumeek dute. Bazen garaia telebista saio feminista bat izateko. Caramelorenak, ordea, arriskua du: apustu egingo nuke laster euskaraz dakien Susi Caramelo bat ikusiko dugula ETBn.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.