Miren Manias.
EKOGRAFIAK

ETB, herritarren zerbitzura?

2020ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Zer gertatu da Zaldibarko zabortegian? Galdera horri erantzunak bilatzeko telebista piztea da gauzarik arruntena. Irratia ere piztu genezake. Baita egunkari baten agerkari digitala zabaldu ere. Finean, hedabideen xede nagusia da informatzea. Gertaera ez ezik, nola eta zergatik jazo den ere finkatzea. Ahal dela, modu argian eta zehatzean. Informazio iturri desberdinak erabilita. Eta eginkizun horretan, funtsezkoa da izaera kritikoa. Bertsio ofizialarekin ez da nahikoa.

Zaldibarko zabortegia otsailaren 6an erori zen AP-8 autobide gainera, 16:00ak aldera. Bi langile harrapatu zituen. Gutxienez, sei egun egin dituzte desagertuta. Zabor azpian. Bilaketa lanak abiarazi zituzten ostegunean bertan, baina zakarren artean amiantozko piezak zirela ohartu, eta eten egin zuten erreskatea. AP-8aren errail bat bai garbitu eta ireki zuten, 07:00ak aldean. Zergatik erori da zabortegia? Nortzuk dira desagertutako bi langileak? Zergatik gordetzen zen zabortegian amiantoa? Otsailaren 7an, arratsaldean, apenas zegoen informazio ofizialik. Horrez gainera, 23:00ak aldera, sua piztu zen zabortegiaren erortzea gertatutako goiko aldean.

Informazio ez ofizialaren dantza etengabea izan da. Nagusiki, sare sozialen bitartez. Eta kezkari zurrumurruak jarraitu die. Zergatik? Administrazioak eta zabortegia kudeatzen duen enpresa pribatuak hala nahi izan dutelako. Haien komunikazio politikarako tresna isiltasuna izan baita. Testuinguru horretan, esango nuke, informazio zerbitzu publikoek herritarren interesei erantzun behar dietela. Lehenbizi, egiari zor zaion errespetuagatik; eta bigarrenik, gertakariak herritarren osasuna eta segurtasuna jarri dituelako arriskuan.

Astelehenean iritsi ziren lehen adierazpen ofizialak Jaurlaritzatik. Bileren eta agerraldien egunean. Gertakaria jazo eta 92 ordura, hain zuzen ere. Ordurako, mobilizazioetara deitua zuten Eibarren, Mallabian, Zaldibarren, Markinan eta Ermuan. Azken horretan, 200 bat pertsona irten ziren kalera astelehenean. Gaueko Teleberri-n, aldiz, manifestazioaren plano laburra erakutsi zuten bakarrik. Egiari zor. Albistegiaren 27. minutuan. Juan Carlos Etxeberria aurkezleak, gainera, gogoratu zigun Verter Recycling zabortegia kudeatzen duen enpresak «isilik jarraitzen duela». ETB, herritarren zerbitzura?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.