Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Bertsolaritzaren andreen historia

2020ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Egitasmo ausarta iruditu zait ETB1eko Hitzetik hortzera saioan abiatu dutena. Bertso saioak eta bertsoaren esparruko kontuak lantzen dituen euskarazko tartean, historiako emakume bertsolariei egingo baitiete lekua hurrengo ataletan. ETBren bultzada berezia jaso dutela adierazi du Jexux Mari Irazu programaren zuzendariak. Guztira, zazpi atal ekoitzi dituzte eta hamasei protagonista hautatu. Hala ere, historiako emakume bertsolari horien presentzia askoz zabalagoa da. Eider Perez aurkezlearen hitzetan, etengabe ari da informazio berria agertzen. XV. mendetik XX. mendera arteko 50 bertsolari baino gehiago daude Xenpelar dokumentazio zentroko datu basean. Beraz, aukera aparta da haien izenak, irudiak, bizitzak eta bertsoak telebistara ekartzea, haiek hobeki ezagutzeko.

Igandeko atalean, XV. mendetik XIX. mendera bitarteko hiru figura nagusi ekarri zizkiguten. Milia Lasturko eresigilea, profazadorak eta, azkenik, XIX. mende hasieran bizi izan zen Bizenta Mogel. Euskal literaturako emakumeei dagokienez, XV. mendeko eresigileak dira agertzen lehenak. Bertsolaritzaren aitzindariak dira, hain zuzen. Hil berri ziren familiako kideei abesten zieten, euren historia kontatuz bertsotan. Lasturko da horietako bat. Baita Butroiko Joana, Ozaetako Santxa eta Santxa Hortiz ere. Baina 1452. urteko Bizkaiko foruak debekatu egin zuen haien sorkuntza lana. Ez ditugu ezagutzen XIX. mende aurreko emakumezko bertsolari asko. Eta ez da kasualitatea, debeku ugari jasan baitzituzten garaiko inprobisatzaileek.

Profazadorak eresigileen garai berekoak dira. Azokaz azoka eta herriz herri ibiltzen ziren emakume zirikatzaileak. Ez zuten aurrekoen klase sozial bera. Ondorioz, prostituzioarekin lotu izan dira. Bizkaiko foru legeak debeku argia jarri zien emakume inprobisatzaile horiei ere. «Lotsagabe eta bazter-nahasle izateagatik».

Igandeko programa mamitsua izan zen, atal berri horri dagokionez. Nabari da Xenpelar dokumentazio zentroak eta Bertsozale elkartean feminismo alorrean ari direnek gogoz bultzatutako lanaren emaitza dela. Areago, halako ikerketen beharra erakusteko balio du horrek. Bestalde, saioan erabilitako testu eta marrazkiak azpimarratuko nituzke, bertsolaritzaren emakumezko historia ikusleari hobeki ilustratzeko balio izan zutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.