Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Literatura eta besaulkiak

2020ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Hasier Etxeberria Sautrela egiten gertutik ikusteko aukera izan zutenek badakite oso kutuna zuela saio hura, eta ahalegin handia egin zuela beti saioaren alde, zaletasun eta kezka iturri nagusien artean zuelako literatura oro har, euskal literatura bereziki.

Etxeberria hil zenean, Arte[faktua] saioak hartu zuen, Yolanda Mendiolak aurkeztuta, Sautrela-ren lekukoa. Aldaketa batzuk eginda baina funtsean ildo nagusi berari jarraituz: idazle bati egindako elkarrizketa da (ia-ia) beti ardatz nagusia, kasu gehienetan haren liburu berri samar batean oinarrituta. Lehen leku finko batean egiten zen solasaldia, orain elkarrizketatuak hautatzen du non egin, eta amaieran, lehen ez bezala, elkarrizketatuaren gonbidatu batek ere parte hartzen du. Gainerakoan, hainbat eratako sail osagarriak lantzen dituzte saioan, garai bateko erreportajeen ordez. Funtsean, euskal idazleak eta haien lanak ezagutzeko eta promozionatzeko aukera ematen du, eta eskertzekoa da egiten duen ekarpena.

Euskal literaturak behar-beharrezkoa du Arte[faktua]. ETB1ek euskal literaturari hori baino gutxiago eskaintzea laidoa izango litzateke, lotsagabekeria galanta. Baina, amesten hasita, ez legoke gaizki horrez gain literaturan eta haren inguruko gaietan gehiago eta patxada handiagoz sakontzen lagunduko lukeen saio bat ETB1en, idazleak ezagutzeko elkarrizketen ordez iritzi ezberdinetako hainbat idazleren, kritikariren, editoreren edo bestelako adituren arteko eztabaida eskainiko lukeena. Besaulki sakoneko saio horietako bat daukat buruan, TVEeko garai bateko La clave haren antzeko zerbait. Demodé? Kontuz! Modak ez al dira ba ziklikoak?

Gai faltarik ez legoke: literatura engaiatuari buruzko debate agorrezina; autofikzioaren aurkako eta aldeko argudioak; euskarazko prosaren aurrerapenak eta premiak; euskalkien erabilera; lehiaketak, sariak eta bekak... Saltsa pixka bat, behintzat! Dena den, argi esan behar da —nire kasuan errepikatzea bada ere—, telebistak euskal literaturari —euskaraz idatzitakoari nahiz euskarara itzuliari— laguntzeko egin dezakeen ekarpenik eraginkorrena dela euskal fikzioaren eskaintza —euskaraz sortutakoarena nahiz euskarara itzuliarena— ugaritu, aberastu eta promozionatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.