Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Haurride txikia

2021eko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
El Conquis ahaltsu eta bulartsuaren haurride txikia (eta merkea) ezagutu genuen herenegun ETB1en: Baserria, baserritarrak eta kaletarrak baserriko lanetan batzen eta nahasten dituen euskarazko reality-a, Klaudio Landak aurkeztua, Patxi Larretxea eta Kristina Saralegi laguntzaile dituela, lehiakideen coach lanetan.

Aitortu behar dut hasieratik neuzkala saioaren aurkako bi aurreiritzi sendo. Batetik, ez naizelako reality-en zalea, eta nazkaraino aspertzen nautelako horietan hain sarri entzuten diren esaldi suhar topiko horiek: «a por todas», «a muerte», «dena ematera» euskarazko saioetan ere erdarazkoak ugariago; baita muturreko adiskidetasunen zein ezinikusien adierazpen esajeratu eta askotan histrionikoek ere. Bestetik, promozioko iragarkiak pentsarazten zuen, El Conquis-en bezala, biraoek presentzia handia izango zutela, eta hori ere ez zait oso eramangarri egiten; halakoxea naiz ni, delikatua.

Ez dut neure burua puritanotzat eta garbizaletzat biraoen eta hitz gordinen kontuan. Neuk ere biraoak botatzen ditut, latzak, ahoak eman ahala batzuetan, eta beste batzuetan gustura entzuten ditut inork botatakoak ere —Erik Jakak pilota txapelketako finala irabazi zuenean Euskal Herri osoan entzun zen hura, adibidez—, baina, telebista saio batean, dela reality, dela fikzioa, dela txiste kontaketa, dela dena delakoa, biraoa pezeta koitadua baino gehiago debaluatzeraino errepikatzen denean...

Saioa ikustean beste ahulezia bat ere sumatu nion. Izenburuak eta planteamenduak pentsarazten dute saioak baserria eta baserriko egunerokotasuna ezagutaraziko duela, baina, lehen atalean behintzat, topiko pare batetik harago, hortik ezer gutxi izan zen. Horretarako askoz hobea da Aritz Ganboa artzaina Biba zuek!-en ikustea.

Gainerakoan, esperotako bidetik joan zen dena, uste baino birao gutxiagorekin beharbada, dena esateko, horiek ere beren protagonismoa izan zuten arren. Benetako sinpatia hartu nien lehiakide batzuei, beste batzuk ez zitzaizkidan oso interesgarriak iruditu... baina, hori beti gertatzen da reality-etan, ezta? Tira, baliteke reality batzuetan zaila izatea lehiakide bakar bati ere sinpatia hartzea, baina kasu honetan behintzat alde horretatik kexa handirik ez. Horrekin konformatu beharko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.