Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Bakeroak, bikingoak eta gu

2021eko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Boladan dauden telesailen artean, gai historikoetara edo zientzia fikziora jo gabe gaur egungo errealitatea islatzera bideratutakoen artean bederen, bi eredu ari dira nagusitzen, adituek diotenaren arabera, AEBetakoak eta Eskandinaviakoak (Danimarka, Suedia, Norvegia eta Finlandia). Telesail horietan agerian geratu ohi dira erretratatzen duten gizartearen tasunak eta, batez ere, keriak, eta baita bi errealitate horien arteko desberdintasunak ere: komunitate zentzua eta estatuak herritarren ongizateari emandako babesa handiagoak dira Eskandinaviako gizartean; indibidualistagoa eta babes gutxiagokoa da, ustelkeriara emanagoa izateaz gain, AEBetakoa.

Hala zioen Antonio Muñoz Molina espainiar idazleak Ficciones socialdemocratas artikuluan (El País egunkariko Babelia gehigarrian, 2021eko urtarrilaren 28an). Hortik abiatuta, Eskandinaviako telesailak laudatu zituen Muñoz Molinak, adibidetzat22. juli hartuta, Andres Breivik ultraeskuindarrak 2011ko uztailaren 22an Oslon eta Utoya uhartean egindako hilketa masiboari buruzko ikerketan oinarritutako telesaila, Eskandinaviako telesailak azken urteetan izaten ari diren indarraren azken erakusle behinenetako bat, Bron/Broen, Borgen eta beste hainbaten kate berekoa, denak bi gailur horien mailara ez iritsi arren. Ez du meritu makala AEBetako telesailen nagusitasunari horrenbesteko oihartzuna lortu duten lanekin itzal egitera iritsi izanak.

Txikitan bakeroen eta bikingoen pelikulak lepo ikusi bagenituen —zehatzak izateko, askoz gehiago bakeroenak bikingoenak baino—, gaur egun haien oinordekoen bizimoldeak, pozak eta penak erakusten dizkiguten telesailak ikusten ditugula pentsatu nuen —oraindik ere dezente gehiago bakeroen oinordekoenak bikingoenenak baino—, Muñoz Molinaren artikulua irakurri eta gero. Istorioak kontatzeko sena eta gaitasuna betidanik izan duten seinale izango da.

Ondoren, Ihesaldia, Alardea, Hondar ahoak eta Altsasu-rekin hasi berria den bidea etorri zitzaidan gogora, aurten, COVID-19aren pandemia oro-hondatzaileak baimentzen duen neurrian behintzat, jarraipena izatea espero duguna. Ez bakeroen eta ez bikingoen oinordeko izan arren, zer kontatua —eta nork ondo kontatua— ez zaigu falta; ezta oso bertako gai guztiz unibertsalik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.