Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Denontzat da

2021eko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Bitxia da egoera, ondo pentsatuz gero: ia 40 urte igaro dira Euskal Telebista abian jarri zenetik, baina gaur egun euskaraz sortutako ikus-entzunezko fikzio berri samar bakarra daukagu ikusgai, eta bakar hori ez du ETB1ek ematen, sakelako telefonorako websaila da, Android zein IOS gailuetarakoa, formatu bertikalean egina: Hau ez da niretzat. Goiena taldearen proposamenari erantzunez Ttap eta Zut aldizkari digitalek ekoitzi eta sareratu dute, Unai Portilla, Gorka Alvarez de Arkaia eta Egoitz Diaz ditu sortzaile, eta Barrexerka antzerki taldeko kideak aktore, Maialen Sorzabalbere eta Amaia Rojo, besteak beste.

Sei atal laburrek osatuko dute Hau ez da niretzat. Joan den astetik dago ikusgai lehenengoa, bigarrena hilaren 30ean sareratuko dute, eta hamabostean behin atal berria ikusi ahal izango da, ekainaren 25ean seigarren eta azkena iristen den arte.

Go!azen-en 7. denboraldia amaitua da eta 8.a ez da udazkenera arte estreinatzeko moduan izango. Hiru telesail estreinatu zituen iaz ETB1ek —Alardea, Hondar ahoak eta Altsasu—, harrera ona izan zuten gainera, eta euskarazko telesailen presentziak jarraipena izango zuela agindu zuten arduradunek, baina oraingoz ezin da jakin promes hori noiz eta nola beteko duten, ziur dakigun bakarra da Altsasu-k ez duela jarraipenik izango, zentsura arazoengatik. Euskaraz bikoiztutako fikzioan ere murritza da oso ETB1en eskaintza: ostiraleroko Floorren arauak-en emanaldiak amaiturik, Hardball-enak hasiko dira bihar, eta gaitz erdi! Horrekin konformatu behar. Bitxia da egoera; eta tristea.

Egoera hori izanik, ezin utzi hemen aipatu —eta gomendatu— gabe Hau ez da niretzat. Tori izeneko konpainia banatzaileko lankidea da pertsonaia nagusia, langile prekario eta sufritua, eta hainbat egoera bitxi egokitzen zaizkio, umore kutsu nabarmenekoak baina umorearen azpian karga kritiko garratza ere gordetzen dutenak. Bitarteko gutxirekin egina da, eta igarri egiten da, baina gaurkotasuna eta freskotasuna ezin zaizkio ukatu, lehen atalak erakutsitakoaren arabera, behintzat.

Hau ez da niretzat du izenburu baina denontzako modukoa da, are gehiago besterik ez daukagula kontuan hartuta. Baita fikzioa sakelako telefonoan eta formatu bertikalean ohituta ez gaudenontzat ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.