Konfinamendu, itxiera perimetral eta mugimenduen murrizketen garai honetan, tele-turismoa egiteko parada aparta eskaintzen dute La2eko Ruta Vía de la Plata: Diario de un ciclista saioko bidaia-erreportajeek: Cadiz eta Gijon arteko ia 1.000 kilometroko bidaia turistikoa egiteko aukera ematen du saioak, atalka eta patxadaz, bidaian zehar geldialdi interesgarriak eginez hainbat herri, museo, eraikin, lantoki eta gune ezagutzeko, haien arduradunen azalpenen laguntzaz, tokian tokiko sukaldaritzako zipriztin batzuk jasoz gainera, dena Peio Ruiz Cabestany txirrindulari ohi donostiarrak gidatuta.
Txirrindularitzazaleei ohar bat: errepideko irudi gutxitxo daude, ez da maiz ikusten Ruiz Cabestany aldapan gora sufritzen, Perico Delgado bere pericopuerto partikular eta sui generis-etan bezala. ETBko Errepide galduak-eko Ander Izagirreren antzera dabil saio honetan Ruiz Cabestany, baina Espainian zehar eta bidaia bakar baina luzeagoa eginez, abentura kutsu handiagoz.
Errespetua, aitortza eta sinpatia transmititzen ditu Ruiz Cabestanyk, oso harreman goxoa dauka bidean aurkitzen duen jendearekin, eta saioak ondo lortzen du bere helburua, gustura eta interesez ikusten da. Baina lehiarik eta gatazkarik gabeko telebistak nekeza du ikusle kuota handiak izatea, lehia, gatazka eta ahal bada morboa, iraina eta laidoa baitira ikusleak erakartzeko amurik eraginkorrenak. Egiten duena egiten duela, Ruiz Cabestanyren sinpatia ezingo da inoiz lehiatu, ikusle kuotari dagokionez, Alberto Chicote, Risto Mejide eta gisakoen zakartasunarekin.
Lehen ere idatzia naiz horretaz lerro hauetan: uste dut ikusleak gusturago oheratzen garela —ni behintzat bai— telebistan gu baino jende traketsagoa, makurragoa eta gaiztoagoa ikusita, jende zintzo, jator eta atsegina ikusita geure gabeziak eta akatsak handiagoak iruditzen baitzaizkigu nahi gabe ere egiten dugun konparazioan. Ez al da hori betiko esamesa, hizkimizki, autu-mautu zurrumurru eta txutxu-mutxuen sakoneko motibazioa? Ez al da hori garai bateko bihotzeko aldizkarien zein gaur egungo hater-en arrakastaren gakoa?
Kontuak kontu, saio gomendagarria da Peio Ruiz Cabestanyrena, sofako turismo ariketa patxadatsu, atsegin, lasaigarri eta, gainera, hezitzailea.

EKOGRAFIAK
Tele-turismo atsegina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu