Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Itzulpenik gabe, jai dago

2021eko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Egia galanta esan du Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak EITBk hurrengo urtean abian jarriko duen plataforma digitala aurkezterakoan: «Egungo ikus-entzunezko kontsumoan plataformak funtsezkoak eta erreferentzia geldiezina direla uste dugu. Gaur egun, euskarak ia ez du lekurik eremu horretan; eta, euskarak gainerako hizkuntzen kalitate bereko edukiak ematen ez baditu, eta eduki horiek gainerakoak bezain erraz eskuratzen ez badira, gure hizkuntzaren etorkizunerako galera konponezina izango da». Baina kalitatearekin batera kantitatea aipatzea falta izan zaio.

Benetan lagunduko dio «euskal Netflix» bat izango omen den plataforma horrek euskarari? Plataformak ez ditu euskarazko edukiak soilik eskainiko, «Euskal Herrian sortzen diren ikus-entzunezko lan guztiak» baizik, «filmak, dokumentalak eta bestelakoak». Gaztelaniari ere lagunduko dio, beraz, euskarari baino gehiago seguru asko. Baina hori ez da esaten. Zergatik?

Plataformako euskarazko ikus-entzunezko guztiak, edo gehienak behintzat, euskaraz sortutakoak baldin badira —eta hala izango direla dirudi, ez baita kontrakorik adierazi eta aspalditxotik ETBren politikan euskarara itzulitako ikus-entzunezkoak oso urriak baitira—, plataformako euskarazko eskaintzak zeharo urria izaten jarraituko du, gaur egun euskaraz ekoitzitakoa oso urruti baitago kontsumo erregular samar baterako aski izatetik.

Plataformak plataforma eta euskararen aldeko aldarriak aldarri, ez dut ikusten nola handitu daitekeen ikus-entzunezkoen euskarazko kontsumoa itzulpenera —dela azpititulu bidez, dela bikoizketa bidez— jo gabe, euskaraz sortutakoarekin soilik ezin baitzaio taxuz erantzun eskariari, Euskal Herria Hollywood hiper-produktiboa bilakatzeko asmorik ez badago behintzat. Txillardegi parafraseatuz: itzulpenarekin ere oso zaila du euskarak aurrera egitea; itzulpenik gabe, ezinezkoa. Gaur eta hemen, euskararentzat, itzulpenik gabe, jai dago.

Besterik da euskarak, marjinala eta bigarren mailakoa bada ere, bere presentziatxoa izateari nahikoa irizten badiogu, tartekako arrakasta handi batzuen pozarekin etsitzen badugu, euskara noranahiko bihurtzeko Lizardiren ametsean erdibidean geratzearekin konforme bagaude. Horrela bada, plataformak... kalterik ez du egingo behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.