Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Zer egin hikako moldearekin?

2021eko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Honako gai hau jarri du eztabaidagai @goraxaho txiolariak Euskal Txiolandian: «Joseba Argiñanok hika egiten die mutilei eta zuka neskei. Errespetuak hala eskatzen duela esan zidan atzo batek. Zuek ere horrela pentsatzen duzue?». Txioak ez du zehazten, baina pentsatzekoa da ETB1eko Joseba Arguiñano Sukalerrian saioari buruz ari dela; ETB2koan euskaldunekin ere erdaraz mintzo baita Zarauzko sukaldari berritsua.

Gaur egun gizonen artean askoz gehiago egiten da hika emakumeen artean baino, eta tokaren aldean noka askoz ere gutxiago egiten da, are hikako moldea nahiko bizirik dagoen eremu urrietan ere, Hego Euskal Herrian bederen. Joseba Argiñanok egiten duen hikako moldearen erabilera joera horren isla argi eta zuzena da, seguru asko berari horretaz pentsatu ere egin gabe halaxe modu «naturalean» ateratzen zaiona. Ez dut uste, gaur egun behintzat, errespetu kontua denik, ohitura kontua baizik. Baina ohitura horren sorreran eta bilakaeran eragin handia du garai batean, orain dela hamarkada batzuk arte, hikako moldea hizkera zakartzat joa izateak, errespetua galtzerainoko konfiantza adierazten zuen hizketa modu baldartzat, eta, horren ondorioz, genero-aurreiritziei jarraituz, emakumeek zein emakumeekin erabiltzeko desegokitzat.

Gai konplikatua da txioakplanteatzen duena: hikako moldearen edo adizki alokutiboen erabilera telebistan. Elkarrizketen kasuan, edozein hedabidetan, kazetariaren eta elkarrizketatuaren arabera, elkarrizketa batzuk hika eta beste batzuk zuka egitea ez da, arau orokor moduan bederen, oso logikoa, salbuespen batzuk justifikatuak egon badaitezke ere. Gainera, gaur eta hemen, hori modu «naturalean» egiten bada, noka are baztertuago geratzeko arriskua dago. Forma alokutiboen erabilera indartu eta sustatzekotan, logikoena da fikzioaren bidez egitea ahalegina. Baina arlo horretan egindakoak ere nekez izango du atarramentu onik modu planifikatu, adostu, bateratu, sistematizatu, jarraitu eta zainduan egin ezean. Orain artean ez da hala egin, ezta hurrik eman ere.

ETBk egin zitzakeen baina egin ez dituen euskararen aldeko ahalegin ugarien adibide bat baino ez da hikako moldearen sustapen planifikatuarena. Baita aurrerantzean egin ditzakeen ahaleginen adibideetako bat ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.