Badakigu, bai. Ez duzue horrenbeste errepikatu beharrik. Zinemaldia da asteotan. Ondo dakigu pantailazale eta zinezale guztiak zabiltzatela hara eta hona zuen akreditazioa kolkoan; zuen mugikorra eskuan, hurrengo iruzkin epela idazteko pronto. Badakigu, eta zoriontzen zaituztegu inbidiarik zintzoenarekin—; miresgarria baita irailean —besteok ikasturteari martxa ito gabe hartzearekin nahikoa lan dugunean—, bi astez pantaila handiari begira jartzeko denbora ateratzea. Eta are baita txalogarriagoa sarrerak eskuratzea, webguneetako itxaronaldietan eguna galdu gabe.
Baina zorionez, telebistek beren jario etengabean jarraitzen dute, itsasorantz doan laba oldea bezain geldiezin. Zinemaldirako sarrera eta denborarik gabe geratu garenok ere badugu zer ikusi. Parrilla den menu zabal horri begira jarrita, zera pentsatu dut nirekiko: «Ezin badut zinema artean eusnobarena egin, noan beste muturrera. Utikan zine esperimentala». Baserria hautatu dut, bai; bigarren denboraldia duen ETB1eko reality-a. Eta harrigarriki —eskerrak Zinemaldian zaudetenok ez duzuen hau irakurriko— ez naiz damutu batere.
Izan ere, Baserria lehiaketak berritasun nabarmenak ditu aurten: 24 lehiakide arituko dira denera, Chatbox jokoa sortu dute, debatea izango du... Baina ez da hori damutik libratu nauena. Lehiakide bat baizik: Telmo. Telmo Idigoras. Gure Telmo. Belaunaldi bakoitzak badu bere soinu banda propioa; adinkideak batzen dituen abesti sorta. Guri—hogeita hamarren bueltan gabiltzanoi— esaterako, Gatibu, Ska-P eta Ken Zazpiren hastapenak egokitu zitzaizkigun; baina, bada kantu bat edozein taldek baino gehiago batzen gaituena: Betizu Taldearen Lokaleko leihotik. Joxe Mendizabalek sortu zuen kantua, eta Urrezko Maskorra ez bada ere, merezi luke gutxienez ETBko pasabide bati bere izena ematea. Burutik ezin kentzekoa da Zuriñe Hidalgo eta Telmo Idigorasek abesten zuten kanta.
Aspaldi da Zuriñe Hidalgo telebistan dabilela hara eta hona. Baina Telmo berriro telebistan dela ikusteak edozein zine izar kalean topatzeak baino ilusio handiagoa egin dit niri. Zahartzen hasiak gara —batzuk hobeto besteak okerrago—, ez dugu Zinemaldira joateko denborarik, baina nostalgia aringarria geratzen zaigu oraindik.

EKOGRAFIAK
Baserriko leihotik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu