Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Aurkezlearen fardela

2021eko irailaren 24a
00:00
Entzun
Sei laguneko etxe batean bizi naiz. Sei lagun, eta maiz xamar, lagunen lagunak ere bai, noski. Lehengusua dela, lankidea, maitalea, ikastolako laguna, pala txapelketako bikotea... Ez da arraroegia etxe bueltan hamar laguneko kuadrilla elkartzea. Eta noski, hainbeste ahori jaten ematea bezain zaila da hainbeste iritzi tartekatuta hitz egitea huntaz edo hartaz. Arrazoiaren jabe egin nahi duenak argudioak inoiz baino finago zorroztu behar ditu.

Halaxe izan zen atzo ere. Nor bere lanaz kexaka hasi ginen lehenengo —irakasleak, kazetariak, erizainak— baina berehala igaro ginen lan zailetan zailenak zerrendatzeko zereginera: Zooko psikologoa, Karlos Iturgaizen komunikazio arduraduna, euskaltzain urgazlea, COVID aztarnaria... Eta halako batean otu zitzaidan, zutabe honetara ekartzeko modukoa den beste bat: telebistako aurkezlearena. Ondo zorroztu behar izan nuen nire hitzen defentsa:

Aldatzen dira formatuak, aldatzen dira gaiak, kanalak eta dena delakoak. Baina bada gauza bat aldatzen ez dena: ikusleak maiteko duen eta atsegina egingo zaion aurkezle bat behar da beti. Aurpegi eta ahots sendo bezain goxo bat. Sinesgarria bezain atsegina. Asmatu behar du tonuarekin —batuan behar du izan, baina naturaltasuna galdu gabe, ahozko erregistroaren pareko—, asmatu behar du gonbidatuekin neurrian zorrotz neurrian enpatiaz jarduten, asmatu behar du irribarre egiten baita katua hil zaion egunean ere. Eta memoria ona behar du, baina inprobisatzen jakin egoerak hala eskatzen badu. Hori guztia, kamera bat (edo batzuk), eta auskalo zenbat zuzendari, erredaktore eta dena-delako-orde parean dituela egin behar du gainera. Hori gutxi balitz bezala, saioaren hutsune eta herren guztien aurpegia beti izango da aurkezlearena, baita edukiaren gainean zeresanik izan ez duenetan ere.

Fardel galanta dela, hitz gutxitan esan nahi bada. Konbentzitu nituen, nolabait. Bai behintzat zerrendan diplomadun postu bat emateko adina. ETBn bertan aurkezle lanetan hasi —lehen aldiz, edo ia lehen aldiz— diren mordoxka bat badirela gogoratu nuen gero: Leire Palacios, Ainhoa Etxebarria, Ane Zuazubiskar. Eta gehiago ere bai, ziur asko. Zeinen zaila eta esker txarrekoa den zuen lana. Eta ai, zenbat behar zaituztegun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.