Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Iraultza faltsua

2021eko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Aurreko astean Netflixen La casa de papel telesailaren azkeneko bost kapituluak ikusgai jarri ziren. Azken urteetan telesail horren arrakasta itzela izan da, eta fikzioaren jarraitzaile guztiak pertsonaia horien bizitzak nola amaituko ziren jakiteko irrikitan zeuden. Aktoreen artean Itziar Ituño, Ramon Agirre eta Ahikar Azkona egon dira azken kapituluetan, eta publikoarentzat egindako amaiera aparta ondu dute sortzaileek.

Telesailaren arrakasta askok aztertu dute, eta gogoratu behar dugu telesaila Antena3 katean emititu zutenean ikusle datu apalak izan zituela. Netflixi esker, mundu mailan ezaguna egin zen eta gaur egun mundu osoko fenomeno bihurtu da. Bere lehen denboraldietan, lapurreta egiteaz gain, iraultza bat saldu ziguten lan jantzi gorria eta Daliren kareta zeramaten lapurrek. Marea gorriaren hasiera zen eta Diruaren eta Zerga-zigiluaren Fabrika Nazionala lapurtu zutenean iraultza sortuko zutela zirudien.

Bella ciao abestia taldearen ereserkia izan da. Faxismoaren aurkako mugimendu italiarraren abestia mundu osoan entzun da telesailari esker, eta Becky G abeslariak bertsio bat egin du telesailaren ondorioz ere. Azken kapituluetan batukada erritmoan entzun dugu, eta zaleek eszena hori asko txalotu dute.

Iraultza bat saldu nahi izan dute denboraldi guztietan, baina iraultza hori ez da inoiz gauzatu. Arrazoi indibidualengatik mugitu dira beti taldeko kide guztiak. Talde lana erakutsi digute, hori bai, baina ez dute kaleko iraultzarekin bat egin eta lapurretan lortutako dirua paradisu batean bizitzeko nahi zuten guztiek.

Iraultza herria gabe egin nahi zuten protagonistek, baina herriaz baliatu dira beraien iritzi publikoa sortzeko eta horrek eragina izan du beraien azken estrategietan.

Telesaila iraultza nahi horretaz probestu da baita ere bere arrakasta lortzeko, eta, azken batean, Netflix bezalako plataforma handi baten diru iturriak handitzeko balio izan du. Barre eta negar egin dute askok telesailarekin, eta azkenean amaiera zoriontsu bat eman digute. Telesail horren zale guztientzako amaiera perfektua izan da. Taldeko bi kideen heriotzaren ostean, dena ondo atera izana pozgarria izan da. Baina hain ondo atera behar zuen? Kolektiboarentzat egindako ekintza bakarra izango da iraultza faltsu horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.