Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Normaltasunaren bila

2021eko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Duela aste batzuk ODA erakundeak egindako txostenaren inguruan idatzi nuen. Bertan, fikzioan dibertsitatea nola errepresentatzen den aztertu zuten eta argi geratu zen LGTBIQ+ kolektiboaren errepresentazioa baxua dela. Letra horien artean, Trans komunitatearen errepresentazioa baxua da. Fikzioan aurkitzen ditugun pertsonaia transexual gutxien artean, askotan aktore cisgeneroek antzezten dituzte (La Casa de Papel-en dugu azken adibidea, Manila pertsonaiarekin), eta modu horretan aktore transexualen lan aukerak murrizten dira.

Errealitate horretaz asko daki Abril Zamora aktore, zuzendari eta gidoigileak. Vis a Vis telesailean egin zen ezagun, bertan emakume trans baten lana egin zuen. Gidoigile aritu da Élite bezalako telesailetan. Bere azken lana berak idatzi, zuzendu eta protagonista izan den telesail bat izan da. HBO Maxerako egin duen Todo lo otro telesailaz ari naiz. Bertan, protagonistak bere bizitzaren gainbehera erakusten digu.

Istorioaren protagonista Dafne da. Bere betiko lagunarekin bizi da, Cesarrekin. Dafne eta Cesarren etxera beraien lagunak eta bikoteak sartzen dira, eta Friends-en moduko komedia bat aurki dezakegu lan horretan. Protagonistari gertatzen zaizkion dramak dira telesailaren oinarri eta bere dramei kritika zorrotza egiten dien off-eko ahotsa ere entzungo dugu. Alberto Casado aktorearen ahotsa da kritika horien egilea, eta hasieratik ahots horren presentziak errefusa sorrarazi digu ikusleoi. Zamorak elkarrizketa batean argitu zuen bere barruan egoten den ahotsa dela eta bere bizitzan hartu dituen erabaki askoren aurkako kontzientzia izaten dela. Horregatik telesailean jarri duela.

Off-eko ahotsaz gain, telesail nahiko arrunta da. Nire ustez, Abril Zamorak hori bilatzen zuen: emakume transexual baten istorioa komedia arrunt batean azaltzea. Kapituluak erraz ikusten dira. Joan den igandean azkena estreinatu zuten. Bertan, Dafneren pertsonaiak honakoa adierazi zuen: «Badakit jendeak normaltasuna gorroto duela, baina niri, normaltasunak segurtasuna ematen dit». Beraz, normaltasun horretan gorde da emakume transexual baten bizipenak kontatzeko. Eguneroko horretan bizi dituen egoera eta komentario transfoboak agertzen dira, eta nola saihesten dituen ere ikusten da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.