Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Laguntasunaren beharra

2022ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Laguntasuna gutxi baloratzen den erlazio mota bat da. Fikzioan bikote harremanek garrantzi handiagoa izaten dute normalean, askotan laguntasuna alde batera utziz. Nire bizitzan lagunak ezinbestekoak izan dira, eta bizitzako pasarte garrantzitsuenetan beraien presentzia derrigorrezkoa izan da. Lagunekin, aukeratzen dugun familia sortzen dugu, eta horiei garrantzi handiagoa eman beharko genieke bizitzan eta fikzioan.

Ideia hori oso ondo erakusten du Issa Raek Insecure telesailean (HBO Max). Rae telesailaren aktore eta sortzailea da, eta emakumez osatutako lagun talde baten komeriak kontatzen ditu bertan. Los Angelesko Inglewood inguruan bizi dira Issa eta Molly. Stanford Unibertsitatean ikasi ostean bere lagunekin duten harremana ikusi dugu telesailaren bost denboraldietan. 2021aren bukaeran azken denboraldia eman dute, eta amaiera bikaina eman diote lagun talde horren bizitzei.

Bizitzaren ziurgabetasuna protagonistaren egunerokoan ikusi dugu. 30 urte inguru dituzte protagonista guztiek, eta batzuek beraien bizitza egonkortu dutela dirudi. Bitartean, Issak erabaki asko hartu behar ditu eta zalantza gehiegi ditu. Bere enpresaren etorkizunari eragingo dioten erabaki garrantzitsuak hartu behar ditu, eta bere bikote ohiarekin harremana berrartu nahi duen zalantzan dabil. Erabaki horiek hartzeko lagunengana doa. Azkenean, bizitza izango da erabaki horiek hartzen lagunduko diona.

Telesail horren beste gako bat da Los Angelesko herritar beltzen errealitatea erakusten dela. Issa eta bere lagunak beltzak dira, eta haien komunitatearentzako onurak ekarriko dituzten ekintzetan eta ekitaldietan lan egiten dute. Klase ertain-altukoak dira guztiak eta horrek AEBetako komunitate afro-amerikarraren inguruan dauden aurreiritzi asko apurtzeko balio izan du.

Laguntasunaren gorazarre polita da telesaila. Ondo sentiarazten nauten telesailen artean dago. Erabakiak onak edo txarrak ez direla erakutsi nahi digu fikzioak. Bizitzaren bide honetan, erabaki baten ondorioak zein izango diren ezin dugu jakin, eta azken denboraldian nahiko argi erakutsi digu epe luzerako planak egiteak ez duela ezertarako balio. Hori bai, lagun onak baldin baditugu gure bizitzako erabaki eta plan horietan hobeto egongo garela argi utzi digu telesailak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.