Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Ikusgarriak

2022ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Gaurko eguna aitzakia hartuta, nire lagun lesbianekin telesailez hitz egin dut zutabea idatzi baino lehen. Guztiei galdera bera egin diet: lesbianak agertzen diren telesail bat aukeratu beharko bazenu, zein aukeratuko zenuke? Nire erantzuna argi nuen: The L Word (Movistar Plus) telesailak nire sexualitatearen isla pantaila txikian ikusteko aukera eman zidan lehen aldiz, eta horren antzekorik ez da berriro egin. Nire bikotekideari eta lagunei galdetuz, erantzunak desberdinak izan dira. Nire adineko lagunek The L Word aipatu didate, baina 1996. urtean jaiotako lagunek Orange is The New Black (Netflix) azpimarratu didate, baita Hospital Central ere. Azken horiek aitortu didate The L Word ia ez zutela amaitu. Bitxia egin zait millennial generazioko eta Z belaunaldiko lesbianen artean fikzioan bilatu ditugun erreferentziak desberdinak izatea, baina argi dut erreferentzia gutxi izan ditugula.

Ikusgarritasun lesbikoaren eguna dugu gaurkoa, eta egunaren izenak asko dio lesbianen diskriminazio motaz. Gizarteak ez gaitu ikusten, eta, ikusten bagaitu, heterosexualentzako fantasia gara batzuetan. Emakumeen sexualitatea ezkutatua egon da urte askoan, eta bi emakumek elkar maitatzea askok ez dute ulertzen. Horregatik, fikzioan sortzen diren istorioak ez dute gure errealitatea guztiz islatzen. Topikoz beteriko istorioak egin dira batzuetan. Itxuraz maskulinoagoak izan behar gara eta gure erlazioetan drama une oro dago. Drama armairutik ateratzean eta drama gure bikotekideekin ditugun erlazioetan.

Duela gutxi, Anne + filma ikusi dut Netflixen. Protagonista liburu bat idazten ari da eta lesbianen istorioak kontatzeko istorio alaiak eta positiboak kontatu behar direla aipatzen du. Harekin bat nator: drama alde batera utzi behar dugu, eta lesbianok bizitzen ditugun harreman motak gehiago agertu beharko lirateke fikzioan.

Horrekin ez dut esan nahi gure identitatea sortzean eduki ditugun zalantzak erakusten dituzten fikzioak egin behar ez direnik. Zoritxarrez, diskriminazio egoerak islatzen dituzten telesailak beharrezkoak dira oraindik. Egoera horiek salatzen jarraitu behar da, baina lesbianek ondo pasatu nahi dugu pantailaren aurrean, eta, horregatik, guk bezala bizitzaz gozatzen duten pertsonaiak behar ditugu fikzioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.