Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Berzigorzen

2022ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Berandu nator gai honekin, baina ezin izan dut horren inguruan lehenago idatzi. Amber Hearden eta Johnny Deppen arteko epaiketak hedabide askoren arreta jaso du azken asteetan. Epaiketa egiten ari zen bitartean, sare sozialetan beste epaiketa bat egiten ari zen. Bi epaiketetan, Amber Heardek galdu du. Epaiaren arabera, Heardek difamazioa egin du eta bere bikotekide ohiari dirutza ordaindu beharko dio, nahiz eta Deppek ere Heardi diru kopuru txikiagoa ordaindu beharko dion. Epaiketaren ondoren Depp irabazletzat hartu dute bere jarraitzaileek eta ospatu egin dute. Erreakzio horrek haserrea eragin dit, eta idatzi baino lehen distantzia hartu behar izan dut.

Epaiketan difamazioa epaitzen zela ezin dugu ahaztu, eta Deppek ustez egindako tratu txarrak epaiketatik at geratu dira. Sare sozialetan sortu den bigarren epaiketan, Amber Heard berriro zigortu dute eta denetarik esan diote. Idatzi baino lehen, Twitterren #AmberHeard jarri dut. Bertan, denetarik irakurtzeko aukera izan dut: txio gehienetan Heard gezurtitzat jartzen dute. Txio horiek irakurri ostean, sare soziala itxi behar izan dut.

Deppen zale askok aktorea zuritu dute eta ezin dute sinetsi bere emazte ohiari tratu txarrak emateko gai izan denik.

Kasu horrek Evan Rachel Wooden kasua gogorarazi dit. HBO Maxen ikusgai dagoen Phoenix Rising dokumentalean ondo azaltzen da Marilyn Mansonek zer-nolako indarkeriaz eraso egin zion Evan Rachel Wood. Bere kasua publiko egin zuenetik eta, batez ere, dokumentalaren ondorioz, Mansonen zaleek Rachel Wooden aurka egin dute sare sozialetan.

Bi kasuak desberdinak direla esan daiteke, baina publikoaren erantzuna antzekoa iruditzen zait. Gizon boteretsuaren irudia ezin da ukitu, eta emakumeek gezurra diote nahiz eta jasandako biolentziaren proba desberdinak erakutsi dituzten. #MeToo mugimenduaren aurka egin du Deppek, eta bizi duen egoera mugimendu horri egotzi dio. Deppen eta Hearden arteko gatazkaren istorio horrek dokumental bat egiteko ematen du —Discovery Plus plataforma gaiari eskainitako lan bat ari da prestatzen—.

Hori heldu aurretik, NBC telebista kateak Heardi elkarrizketa egin dio. Aste honetan ari dira ematen, AEBetan. Elkarrizketak ekar dezakeen harrabotsa ikusteko dago, baina epaiketa amaitu bada ere, borrokatzeko gogoa ez zaio falta Heardi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.