Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Besteen bizitza

2022ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Fikzioan murgiltzeko arrazoi asko daude, horien artean beste batzuen bizitzetan sartzeko aukera dago. Askotan bizitza horiek gureak baino hobeak izatea nahiago dugu eta fikzioan errealitate gordinak ikustea zaila egiten zaigu. Fikzioak bizitako errealitate latz bat kontatzeko ere balio du. Gaur aipatu nahi dudan telesailaren idazleak hala egin du. Kayleigh Llewellynek nerabezaroan bizitako sufrimendua fikziora eraman du eta istorio apart bat sortu du. Kasu horretan, ez dugu protagonistaren larruan jarri nahi, une askotan negarrez, triste edota haserre amaitu dezakegulako.

In My Skin (Filmin) telesailak Bethan du protagonista. Bere ama bipolarra da, eta bere aita alkoholikoa. Etxean ez da giro, eta eskola bere babeslekua da batzuetan. Ikasle ona da eta bere ametsa unibertsitatera joatea da. Eskolan ez dakite ezer etxean duen egoeraz, eta mundu guztiarentzat beste bizitza bat asmatu du. Eskolan dagoen bitartean etxeko egoeraz ahazteko estrategia psikologikoa da, baina batzuetan eskolan kontatzen dituen gezurrek bide laburra dute.

Telesail horrek tratu txarrez beteriko familia bat erakusten digu. Bethanen aitaren biolentziak eta amaren gaixotasun mentalak batzuetan Bethan familiako arduradun bilakatzea eragiten du. Bere aitak neurri batean nerabezaroa lapurtu dio. Istorioan zehar komedia uztartzen da noizean behin, eta protagonistak bizi duen egoeraz ahazteko aukera dugu ikusleok ere.

Eskolako neska ospetsuaren laguna izan nahi du, baina bere sentimenduetan zalantzak izango ditu. Ez du guztiz argi lesbiana denik, baina telesailak aurrera egiten duen heinean beste neska batekin harreman bat izango du, eta maitasuna sentituko du. Bethan beti dago laguntzeko prest. Aldiz, berak laguntza gutxi du, eta behar duenean, ez daki laguntza eskatzen.

Etxeko egoera larritzen den heinean, protagonistak bizi duen antsietatea ikusleak bere barnean sentituko du. Etxeko egoera berriak eta eskola amaitzeak bizitza guztiz aldatuko dio. Amarekin topo egingo du berriz, eta berarekin duen elkarrizketa batean argi uzten du ez dela pozik bizi; antsietatearen sintoma guztiak deskribatzen ditu. Ez dakit Llewellynek terapia moduan idatzi duen lana, baina zoritxarrez, etxe askotan gertatzen den errealitatea modu bikainean azaldu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.