gorka julio
IRLEN SAREA

Gasbideak eta elkarlan bideak

2022ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Nordstream gasbideko sabotajearen eta atentatu klimatikoaren ondoren, dena okerrera doala dirudi. Wikipedian ere jaso dute gertaera, eta mundu mailako Wikipedia ezberdinetan, gertakaria ilustratzeko, BERRIAtik jasotako irudi bat erabiltzen da.

Galder Gonzalezi esker lehenik, eta egunkariak berak idatzitakoari esker ondoren, jakin genuen BERRIAko ilustrazio bat erabili zela: «Euskara ez beste 11 hizkuntzatako Wikipedian baliatu dute BERRIAren infografia bat». Hori posible da soilik BERRIAk Creative Commons lizentzia bat erabiltzen duelako.

Askotan galdetzen diogu geure buruari: «Baina zertarako balio dute lizentzia hauek? Zer ekarpen egiten dute?». Geure neoliberal txikiak geure buruari horren truke dirua jasotzeari uko egiten ari ote garen ere galdetzen dio. Erantzuna ezezkoa litzateke gehienetan, berez iritsiko ez ginatekeen tokietara iristen ari garelako, baina baiezkoa izanik ere, komunei egiten diogun ekarpen soilak balioztatuko luke erabakia.

Normala da edukien eta informazioaren sorkuntzan, hizkuntza gutxitu batean gainera, diruaren gaia presente izatea, baina benetan sinistuta bagaude euskarak horrelako erabakiak behar dituela aurrera egiteko, beti poztu beharko ginateke horrelakoez.

Ezinbestekoa da sortzen den eduki gutxi edo askori ahalik eta hedatzeko gaitasun gehien ematea. Ez soilik euskaratik eta euskaraz dagoen edukia gehiago zabaltzeko, baizik eta berrerabiltzeko aukera emateko, beste batzuek kopiatu, moldatu, hedatu... ahal izateko.

Batzuetan ahaztu egiten zaigu komuna osatzen duten edukien logika ere beste bat dela eta zaintza bat eskatzen dutela. Hartu bezala, ematea ere beharrezkoa dela, alegia, eta zaintzeko, erabaki ditugun tresnak, lizentziak eta arauak jarraitzea ezinbestekoa dela. Anekdota bat denak, niretzat garrantzi berezia hartzen du eta, alde horretatik, euskal hedabide askotan lizentzia libreekiko duten jarrera azpimarragarria da. BERRIAz gain, beste asko dira, euren lanak ere lizentzia libre eta eredu libreetan hedatzen dituztenak, euren edukiak mundura irekiz.

Gasbideak lehertu dituzte. Akaso, hurrena, urazpiko Internet kableak izan daitezke. Tresna horiek, bitartean, elkar ezagutzen ez duten pertsonak elkarlanean jartzea lortzen dute milaka kilometroko bide ikusezinen bidez. Defenda ditzagun elkarlan bideak, horrek bakarrik salba gaitzake galbidetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.