Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Leihoa ireki

2022ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Kazetaritza ikasi nuenean albistea identifikatzeko eskola batzuk jaso nituen. Umorez gogoratzen dut irakasle baten lezioa: «Euria ari dela esatea ez da albistea». Euria ari dela jakiteko leihoa irekitzearekin nahikoa dela esan zigun. Horretan arrazoi guztia eman genion, baina eguraldiaren iragarpena ezagutzeko beharra azpimarratu genion. Eztabaida hori izan genuen bitartean, irakasleak albistegi eta magazin askotan ikusi ditugun irudiak jarri zizkigun, eta eguraldiaren inguruko albisteak nola ematen ziren aztertu genuen. Kazetari batzuek euripean edo elurpean ematen dituzte albiste horiek, eta askotan beren bizitza arriskuan jartzen dute zerutik datorren hori zer den azaltzeko. Euria, elurra edota olatu handiak daudela jakinarazteko modu asko daude, baina telebistan ikuskizuna bilatzen da horrelako informazioa ematen denean.

Klima aldaketaren ondorioz eguraldiaren aldaketaren inguruko berri asko ikusi ditugu azken boladan. Mundua berotzen ari da. Uda honetan bero handia pairatzeaz gain, lehortearen arriskua ikusi dugu euskal urtegietan. Horregatik, azken egunetako euri zaparradak asko eskertzen ari dira. Eguraldiak garrantzi handia hartu du azken urteetan, baina kontatzeko modua ez da aldatu.

Udazkenean eta neguan ikusgarriak diren fenomeno asko gertatuko dira: haizete handiak, elurra, euriteak eta itsasoan olatu handiak aurkituko ditugu. Fenomeno horiek urtero gertatzen dira. Urtero bezala, elurra eta euriteen azpian ikusiko ditugu kazetariak. Bitartean, ikusleok goxo-goxo egongo gara etxean.

Euri eta haizeteen itzulerarekin, unibertsitateko eskola horiekin asko gogoratu naiz. Hamar urte baino gehiago pasatu dira eskola haietatik, eta albisteak egiteko modua ez da asko aldatu. Berriro ere galdera berdinak etorri zaizkit burura: zein puntutaraino jarri behar dira kazetariak eguraldi baldintza txarretan? Albistea gertutik kontatu behar dela badakigu, baina non dago muga?

Ikuskizuna hastear dago. Zorte ona opa diet hotza, hezetasuna eta arriskua pairatu beharko duten kazetariei. Besteok etxeko sofan egongo gara eta bi aukera izango ditugu kalean zein eguraldi egiten duen jakiteko: telebistako ikuskizuna ikusi edo etxeko leihoa ireki. Ni bigarren aukerarekin geratuko naiz, eta zu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.