Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Belaunaldiak

2022ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Azken boladan ikusi ditudan telesailetan emakume gazteak dira protagonista. Istorio desberdinak ikusi ditut eta bakoitzak arazo eta errealitate desberdinak plazaratzen baditu ere, feminismoa oinarrizkoa da guztietan. Ikusi dudan azkena El fin del amor (Prime Video) da, Tamara Tenenbaum idazlearen eleberri batean oinarritutako lana. Autofikzioaren bitartez, Tenenbaumen bizitzan sartzeko aukera eskaintzen digu lan horrek. Buenos Airesen bizi da eta bere familia judu ultraortodoxoa da. Tamarak erlijioa alde batera utzi zuen umea zenean, eta filosofia ikasi zuen. Unibertsitatean eskolak emateaz gain, feminismoaren inguruan idazten du egunkari batean, eta irrati batean atal bat du.

Lagunek eta familiak bere egunerokoan garrantzi handia dute eta egun batetik bestera bere bizitza aldatuko duen erabaki bat hartuko du. Tamara bere bizitzaren norabidea hartzen saiatuko da eta bitartean akatsez beteriko ibilbidea erakutsiko digu. Telesailak feminismoa eta judaismo ultraortodoxoa nahasten ditu modu oso berezi batean. Erlijioa alde batera utzi badu ere, familiaren tradizioek garrantzia handia dute telesailean zehar.

Telesail hori ikusten nuen bitartean, Girls telesailaz gogoratu nintzen. Belaunaldi baten ahotsa izateko asmoa izan zuen Lena Dunhamek sortutako fikzioak, baina hamar urte geroago argi geratu da horretan geratu zela, eta millenial belaunaldiaren ahotsa telesail batean jasotzeko anbizio hura ezerezean geratu zela. Millenial belaunaldia munduarentzat gorrotagarria zen garaian estreinatu zen Dunhamen telesaila, baina Girls-eko pertsonaiek ez zuten irudi hori aldatzeko ezer asko egin. Denak gorrotagarriak ziren eta oso zaila egiten zitzaidan beraien arazoekin enpatia sentitzea.

Girls-ek bide bat egin zuela aitortu behar da, baina gaur egun millenial belaunaldiak bide desberdinak bilatu ditu bere istorioak kontatzeko. Zorionez, istorio berri horiek askoz entretenigarriagoak dira eta enpatia sentitzeko aukera gehiago aurkitu ditut. Horrez gain, Z belaunaldia indarrez datorrela ikusten ari gara Autodefensa bezalako telesailetan. Belaunaldien ahotsa sortzeko nahia desagertu egin da gazteen artean eta ahots desberdinez gozatzeko aukera aparta aurkitzen ari gara pantaila txikiko fikzioetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.