Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Rock & rollaren funtsa eta mamia

2021eko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Rock talde arrakastatsu askoren ohiko ibilbidea erakusten du Alexis Moranteren Héroes: Silencio y Rock & Roll dokumentalak (Netflix, 2021), kasu honetan Zaragozako (Espainia) Héroes del Silencio taldearena: lehenik, ilusioz, adiskidetasunez eta burugogorkeriaz betetako hasiera zaila, kasu honetan zailtasun gehigarri batekin, taldea probintziakoa delako, periferikoa, bazter geografiko batekoa estatu oso zentralista batean; ondoren, taldearen berezko indar horri bidea irekitzen dioten pare bat kasualitate eta laguntza kualifikatu; hortik aurrera, arrakasta, bere desmasia zoragarri eta zorabiagarriekin; eta, azkenik, ametsetako hegaldiaren amaiera, askotan traumatismorainoko ezinikusi mingotsez zipriztindua baina kasu honetan nahiko leun eta zibilizatua.

Dokumentalean agertzen dira honelako kontaketetan paradigmatikoak diren beste elementu batzuk ere: managerrekiko harreman gorabeheratsuak; talde barruko jelosia eta ezinikusi gero eta agerikoagoak, kasu honetan ez oso gogorrak, dokumentalak erakusten duenez behintzat; management-aren eta promozioaren indarra; irudia landu, zaindu eta ustiatzearen garrantzia; musika kritikarien etiketak, sailkapenak eta aurreiritziak; musika kritikarien aurkako erreakzio minduak, horiek ere aurreiritziz ondo hornituak; drogaren eragin askotarikoak; ondo amaitzearen zailtasuna eta garrantzia...

Ordu eta erditik gorako dokumentala izan arren, ezer gutxi esaten du taldearen kantuen hitzei buruz, ez dakigu nork idazten dituen, nola, zer asmorekin; ezta taldeko kideek inguratzen duten munduaz eta gizarteaz duten iritziaz ere. Musika estiloari eta taldeak aldi eta disko bakoitzean bilatzen duen soinuari buruz ere oso labur eta modu orokorrean hitz egiten da... Rock & rollaren funtsa eta mamia bere liturgia ezaguna balitz bezala: grabazioak, kontzertu mikroak eta makroak, birak, furgonetako elkarbizitza eta on the road mitologia guztia, arrakasta, drogak, gehiegikeriak, ego puztuen arteko borrokak... Zer esateko? Ezer ez; orroka aldarrikatutako «hemen gaude» lotsagabe bat asko jota. Agian ez da gutxi hori ere, agian nahikoa da, baina... ez dakit ba... Dokumental honen kasuan, esaten duenak ez ezik, esaten ez duenak ere ematen du zer pentsatua. Akaso esaten duenak baino gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.