Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

'Go!azen' eta 'Goa!zen' artekoak

2021eko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Gaiari buruzko beste albisterik iristen ez den bitartean —iritsiko ahal dira!— Go!azen-en bederatzigarren denboraldia da aurten ETB1en ziurtasun osoz ikusiko dugun euskaraz sortutako telesail bakarra. Zorionez, Go!azen-en denboralditik denboraldira, ostiral gauetan, euskaraz bikoiztutako telesailak eskaintzen ditu ETB1ek, nerabezarora bitarteko publiko zabalarentzat egindakoak, hau da, «familia osoarentzat» direla esanez definitu ohi diren horietakoak. Horiexek dira, hain zuzen ere, Merlí emateari utzi zionetik —laster bi urte eta erdi izango dira— ETBk euskaraz bikoiztuta eskaintzen dituen fikziozko ikus-entzunezko berri bakarrak.

Ikaragarrizko bikaintasunera iritsi gabe ere, ederrak izan dira ETB1ek eskainitako azkeneko telesail bikoiztu horiek, Lars Zonbia, Floorren arauak eta Hardball. Eta joan den ostiralean eskaintzen hasitakoa, Sorgin baldarra, antzeko mailakoa izango dela dirudi, tarte atsegin baterako lagungarri izango dugula. Gizakien berdintasunaren aldeko eta xenofobiaren aurkako aldarri dibertigarria izan zen Lars Zonbia, pertsonaia nagusia, atzerritarra izan beharrean, bosgarren solairutik erori ondoren minik gabe berehala altxatzen zen zonbi prestua baldin bazen ere; Pippi Kaltzaluzeren transgresio neurrietara iritsi gabe, gurasoen munduaren alderdi absurdo ugari utzi zizkigun bistan eta agerian, umorez, Floorren arauak telesailak; Hardball-ek, berriz, ezohiko pertsonaien bidez zipriztindutako istorio arraro eta erakargarriak ezagutzeko aukera; Sorgin baldarra-k Harry Potterrenaren antzeko mundu batera eramango gaituela dirudi... Estimatzeko moduko eskaintzak, beraz, Go!azen eta Go!azen artekoak.

Bikoizketari dagokionez, ezin da ukatu esaldi bakan batzuen itzulpenak oraindik ere artifizialegiak egiten zaizkigula ikus-entzuleoi, baina kontuan hartu beharrekoa da, batetik, zein den egun euskarazko bikoizketaren egoera, eta, bestetik, edozein hizkuntzatako bikoizketa dela artifiziala hiztunentzat hiztun horiek bikoizketara ohitu gabe baldin badaude, eta ez dagoela ohitura bezalakorik bikoizketa —edozein itzulpen mota bezala— jatorrizkoaren pareko naturaltasunez hartzeko eta bereganatzeko. Hau da, bide luzea dagoela egiteko, eginez baino egingo ez den bidea... egiten bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.