Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Denbora ala maitasuna

2021eko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Maitemintzen zarenean, maitasuna betirako izango den ziurtasuna sentitu dezakezu batzuetan. Maitasun hori apurtzea zaila izango dela sentitzen duzu, eta pertsona horrekin denbora asko eman nahi izango duzu. El tiempo que te doy telesailak (Netflix) denbora eta maitasunaren arteko harremana kontatzen digu hamar atal laburretan. Kapitulu bakoitzak 12-13 minutu irauten du, eta haien izenburuak oroitzapenezko zenbat minutu eta orainaldiko zenbat minutu ikusiko ditugun adierazten digute.

Nico eta Lina (Nadia de Santiago eta Alvaro Cervantes) dira maitasun istorio horren protagonistak. Hotel batean lan egiten egin zuten topo, eta egun horretatik aurrera haien harremana gertuagokoa izan zen, maitemintzera iritsi arte. Maitasun hori pizten eta itzaltzen ikusiko dugu telesailean. Erlazio oso errealista bat ikusiko dugu. Maitasun erromantikoa alde batera utzi dute Ines Pintor Sierra, Pablo Santidrian eta Nadia de Santiago sortzaileek istorio hori ondo kontatzeko.

Bikotearen une onenak, erdipurdikoak eta okerrenak ikusiko ditugu oroitzapenetan, eta orainaldian Lina lagunduko dugu bere dolua pasatzen. Asko maite zuen Nico, baina Linak argi du bederatzi urteko harremana amaitu dela. Telesailaren gakoa da oroitzapenen eta orainaldiaren artean une oro erlazioa dagoela. Oroitzapenetan kontatzen dena orainaldian gertatzen denaren kontrakoa izan daiteke edota eszena antzekoak aurkitzen ditugu ere. Bikotekideen artean harreman oso polita zuten, baina maitasunaren amaiera iritsi zaie. Eskertzekoa da tratu txarrik gabeko erlazio bat izatea, eta haserretzeko uneetan tratu nahiko ona dutela beren artean.

Linak bide berri bat bilatuko du erlazioaren amaieraren ostean. Bere iraganarekin elkartuko da, eta aita ikusiko du etapa berri bat hasi baino lehenago. Telesailak sinplea dirudi, eta pentsa dezakegu istorioa kontatzea erraza izan dela. Sentimenduak hain ondo azaltzeak bere zailtasunak ditu, batez ere minutu gutxi irauten duten ataletan. Xehetasunez beteriko minutuak dira, eta zaila izan daitekeena modu erraz eta sotilean egin dute sortzaileek. Ikusleok une askotan identifikatuak sentituko gara protagonistekin, eta opari hunkigarri bat egin digute pantaila txikian emoziona gaitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.