gorka julio
IRLEN SAREA

Ziberaktibismoa

2021eko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Urte batzuk pasatu dira ziberaktibismoari buruzko gakoak zerrendatu zirenetik, baina oraindik ere, eta beharbada inoiz baino gehiago eragiten digutelako, garrantzia berritua dauka.

Ziberaktibismoa agenda publikoaren aldaketa bilatzen duen edozein estrategia gisa defini genezake, eztabaida sozial handiko agendan gai berri bat sartzea, mezu jakin baten zabalkundearen bidez eta «ahoz aho» hedatzea, hedabideekin eta argitalpen elektroniko pertsonalarekin biderkatuz.

Ziberaktibismoa ez da teknika bat, estrategia bat baizik. Ziberaktibismoa egiten dugu sarean argitaratzen dugunean sare sozialetan, blog batean edo foro batean, irakurtzen dutenek beste batzuek jakinaraztea bilatzen dugunean. Sare ikuspuntu batetik, mezuak bere horretan edo moldatuta beren sare-ingurunean hedatzea bilatzen dugunean.

Oinarrizko bi eredu daude, bi estrategia modu. Lehena kanpainaren logika da: zentro bat eraiki, ekintzak proposatu, atxikipenak bildu eta ideia zabaldu. Bigarrena swarming bat hastea da, hasiera batean aurreikusezinak diren ondorioak izan ditzakeen eztabaida sozial banatu bat sortzera bideratua.

Swarming batean, eztabaida prozesu bat hasi, piztu nahi badugu, idatzitakoa argudiatu, idatzi, sustatu eta hedatzeko arrazoiak zehaztu beharko ditugu. Ahal izanez gero, ekitaldi presentzialak egin eta besteek egiten dutena kontatu, eta horien artean ahal ditugunak idaztera, mezua zabaltzera animatu. Ez da erraza halako prozesu bat hastea: asko gertaera baten errakzio bezala jaiotzen dira, baina kontrola galtzeko beldurrik ez da izan behar; helburua hori ere badelako.

Kontrola galtzearen arrisku horregatik akaso, ziberaktibismoaren eredu ohikoena ezagunagoa den atxikitze kanpainarena da. Oro har, prozesu mota horretan informazioaren argitasuna eta irisgarritasuna funtsezkoak izango dira. Beharrezkoa da, lehenik eta behin, zergatik, zer eta norentzat den ongi definitzea. Horrek hainbat elementu zaintzera behartzen gaitu informazioari dagokionez: dokumentazioa, diskurtsoa, jasotzaileen aukeraketa, tresnen diseinua eta ikusgarritasunari lotutakoak.

Azken oharra aktibismoa konpromisoari lotuta dago, eta horrek beti klik batetik harago joatea esan nahi du. Horrela ez baldin bada, beste zerbait egiten ari gara, eta aktibismoarekin lotura gutxi dauka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.