Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Aurreiritzia

2023ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Aste honetan kaleak emakumez eta feminismoz beteko dira. Martxoak 8aren aldarrikapenak asko dira, baina aldarrikapenetan argi dut intersekzionalitatea ezinbestekoa dela. Feminismo zuritik aldentzea ezinbestekoa da, emakume guztien errealitateak hobeto ulertzeko. Horretarako liburu asko gomendatzeko aukera izango nuke, baina liburu gomendioak horretan adituak diren pertsonei uztea nahiago dut.

Erresuma Batuan bizi diren emakume musulmanen inguruko telesail bat gomendatu nahi dizuet. We are Lady Parts (Filmin). Telesailak Londresen bizi diren bost gazteren ametsak erakusten ditu. Lehena Amina da, 26 urte ditu, eta mikrobiologian doktoretza egiten ari da. Bere ametsa gizon musulman batekin ezkontzea da, baina bide horretan post-punk musika egiten duen Lady Parts taldea gurutzatu zaio. Taldeko kideak lau emakume musulman dira, eta gitarra jotzaile bat behar dute. Aminak gitarra oso ondo jotzen du, baina publikoaren aurrean ezinean aritzen da. Egoera hori nerabezaroan izandako esperientzia txar baten ondorioz datorkio.

Aminaren ezkontzeko nahi horiez aprobetxatu egiten dira taldeko lau kideak, eta kide baten anaiarekin hitzordu bat antolatzen diote. Horren truke, Aminak beraiekin jo beharko du lehiaketa batean. Aminaren inguruak ez daki ezer musika talde horretaz, eta bi inguruak banatzen saiatzen da. Bere lagunak nahiko kontserbadoreak dira eta ez lukete ulertuko Aminaren zaletasun berria.

Telesailean emakume musulmana izateko modu desberdinak erakusten dira. Alde batetik, tradizioa mantentzen duten emakumeak daude; eta, bestetik, tradizioarekin apurtu nahi dutenak. Amina erdian badago ere, bere ikasketen bitartez bere ametsekin aurrera egin nahi du. Horregatik, ez du senarrik aurkitzen modu tradizionalean. Horrez gain, sare sozialetan gertatzen den polarizazioa sufritzen dute. Beraien inguruko erreportaje bat argitaratuko da: beraien aurka jende asko agertuko da, baina pixkanaka taldeak bere publikoa aurkituko du.

Polarizazioa alde batera utzi behar dela argi uzten digu telesailak, eta aurreiritziak apurtu egiten ditu. Bihar kalera aterako gara: gure ondoan ditugun emakumeen egoerak epaitu baino lehen, beren errealitateetara gerturatu beharko genuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.