Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Gomendioen bila

2023ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Euskaraz egindako telesailak non daude? Bilaketak egin ostean, gutxi aurkitu ditut. Bilatzen ari nintzen bitartean, telefono bat eman didate eta bertara deitu dut. Bertan Belarri Bero, bai esan? websailaz hitz egin didate. Websail hori hainbat herritan ikusteko aukera izan da, eta aurreko asteetan Hamaika telebistan ikusgai egon dela esan didate. Hamaika telebistako zuzeneko emisioak galdu ditudala esan diot, baina ez larritzeko esan dittelefonoaren beste aldeko ahots goxoak, dena online ikusteko aukera dudala.

Telefonoa eskegi, eta Youtuben Belarri Bero jarri dut. Bertan aurkitu ditut sei kapituluak. Bata bestearen segidan ikusi ostean, oso pozik amaitu dut, baina triste ere bai. Pozik emakumeek egindako fikzio bat ikusi dudalako, euskaraz egina, dibertigarria eta emakumeen sexualitateaz hitz egiteko aukera ematen duena. Triste jartzeko arrazoiak bestelakoak dira. Horrelako fikzioa egiteko talentua dagoela ikusi ostean, euskarazko websail edo telesail gehiago zergatik ez dauden galdetu diot neure buruari. Zoritxarrez, galdera hori ez da berria. Euskal fikzioaren arazoak urte asko daramatza, eta egoera ez da aldatzen. Zineman film berriak ikusi ditugu azken urteetan, baina telebistarako gutxi egiten da. Are gutxiago telebista publikoan.

Poztasunera itzuli nahi dut. Belarri Bero websailak geruza asko ditu, eta gai oso desberdinak jorratzen ditu. Garrantzitsuena emakumeen sexualitateaz hitz egiteko erraztasuna da. Oso modu erosoan eta dibertigarrian egin dute. Beste gai garrantzitsua teknologiaren aldaketak dira. Telefono linea erotiko batean lan egiten dute protagonistek, eta beraien lan egiteko tresnak zaharrak eta nahiko analogikoak dira. Teknologia berrietara ez dira pasatu eta enpresak arazo ekonomikoak ditu. Dena amaitu behar zela zirudien unean, teknologia berriek emakume horien negozioa berpiztu dute, eta lauren helburu pertsonalak betetzeko aukera izateko askatasuna eman diete. Lortu nuen telefono hartara berriro deitu dut eskerrak emateko, oraingoan ez didate hartu eta grabatutako mezu bat entzun dut. «Euskal telesail gehiago gomendatzeko aukerarik ez dugu. Berritasunak emateko online bidea bilatzen ari gara. Egoera salatzeko, Pantailak Euskaraz bezalako taldeetara gerturatzea gomendatzen dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.