gorka julio
IRLEN SAREA

Kamera da!

2019ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Bideo bidez erregistratzen dugu egunerokoa beranduago ikusia izateko, gordetzeko edo beste batzuetan zaintza helburuekin. Kamerak beti egon badira ere, ez dira beti berdinak izan. Izaten ari diren azken aldaketei buruz hausnartzeko denbora ere ez dugu hartu, beharbada.

Segurtasun kamerek atzean norbait edukitzean oinarritzen zuten segurtasuna. Hori zen, behintzat, esaten zitzaiguna; errealitatean horrek sortzen zuen disuasioa baitzen garrantzitsuena edota zerbait gertatzean grabazioak eskuratzeko aukera. Orain, aldiz, kamera horiek ez ditugu kalean bakarrik aurkitzen. Langileak zelatatzeko erabiltzen dira lantokietan, adibidez, eta ohitu egin gara. Etorkizun gertukoan, aurpegi ezagupenaren ondorioz kamera horiek guztiek ez dute norbait atzean beharko eta norbait edozein tokitan dagoela zelatatzeko baliagarri izango dira.

Zuzeneko emisio bat egiteko behar zen guztia sakelako baten kameran dugu. Horiei esker, inoiz baino ikus-entzunezko gehien sortzeaz gain, inoiz baino bizkorrago iristen dira jendearengana. Gure poltsikoetan laster egongo diren kameren lente batzuk, kilometrotara argazkiak eta bideoak egiteko aukera emango dutela kontutan hartuta, joera horren ondorioak neurtu ezinak egiten zaizkit.

Inoiz baino bideo intimo gehieago grabatzen ditugu. Zabaldu nahi ez ditugun edo bakarrik dagokion pertsonek ikusteko moduan zabaldu nahi ditugun bideoak, alegia. Azkeneko urtebetetzeko ospakizunaren bideoa, gure haurraren lehen pausoak, ohean egiten ditugun xirrien bideoak edo amonaren hileta... Horiek benetan pribatu mantentzeak gero eta zailagoa dirudi, erabiltzen ditugun aplikazio askok automatikoki beren zerbitzarietara igotzen dituztelako zuzenean.

Azkenaldian, gainera, intimitatea era masiboan apurtzen duten kameren hedapena ere ematen ari da; erraz ezkutatzen diren kamera txiki merkeen agerpenari buruz ari naiz. Hego Koreako kasuak izan dira entzutetsuenak, baina ez da leku bakarra non hotel, ostatu eta baita AirBnBko etxeetan ezkutuko kamerak aurkitu diren entxufeetan, aire girotuko gailuetan, su detektagailuetan ezkutaturik. Milaka dira kamera horien bidez grabatuak izan diren pertsonak, eta joera are okerrerago doa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.