gorka julio
IRLEN SAREA

Koronabirusapp

2020ko otsailaren 29a
00:00
Entzun
Gaztaroan ezaguna egin zen hackerren munduan 29A birus informatikoen sortzaile taldea. Birusak eragile bizi informatikoen moduan hartzen zituzten, eta horiekin esperimentatzea zuten oinarri. COVID-19 edo koronabirusaren garaiotan, birusa esperimentu bat izan den jakin gabe, benetako esperimentu soziologiko bat bihurtu da hau guztia.

Internet beldurra zabaltzeko kanal anplifikatzaile moduan funtzionatzen ari da. Ez da bide bakarra, beharbada ezta okerrena ere, hedabide batzuen alarmismoarekin alderatuz gero. Aldiz, informazio okerrena eta hoberena bertan topa daiteke egunotan, baina hori ez da berria. Berria, akaso, orain arteko meme epidemiak hartu duen pandemia izaera da. Nolabait kutsagarri bihurtzen du beldurra, orain arte ez bezala, gertuko sentitzeraino.

Gaixotasunei errespetua eta beldurra izatea normala da, baina esango nuke piztu den beldur pandemian faktore teknologikoak eragin berezia izan duela. Farmazietan ilarak ikustera eta eskola umeak beldurtzera iritsi da fenomenoa. Arazo ekonomikoak sortu ditu eta sektore batzuen aurkako arrazismo jarrerak. Askatasunen aurkako neurriak hartzeko aitzakia ere izaten ari da.

Txinan, lehen kasuak hedatzen hasi ziren lurraldean, sakelako aplikazio bat ere garatzeari ekin diote. Aplikazio horren bidez, jende askoren informazio geografikoa kontuan hartuz, ikus dezakezu ea birusak kutsatutako pertsonaren batetik gertu egon zaren edo balizko kontaktua non izan den. Gertuko beste hiru pertsonaren informazioa eskuratzeko aukera ere ematen du aplikazioak.

Horrek erronka berriak jartzen ditu mahai gainean, ikusgarri egiten baitu lehen ikusezina zena. Alde batetik, kasu guztiak ez dira jasotzen; bestetik, zalantzagarria da ea norbanakoek datu horiek izateak lagun dezakeen; eta, azkenik, erabakiak hartzeko baliagarria bada, kutsadura kateak antzemateko balio badu ere, pertsonak estigmatizatzeko aukera handiak sortzen ditu. Irudika zenezakete horrelakorik hiesaren garai okerrenetan edota sinpleago, gripeari lotuta, kutsatutako paziente baten inguruan sor dezakeen erreakzio soziala?

Jendartearen erreakzioa statu quo-aren defentsaren eta sistemaren ezinbesteko aldaketaren artean mugituko da; baina bitartean umoreak ere badu bere tokia, inauteri giroan Twitterrera ere iritsi zaigu @CoronavirEUS-a.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.