gorka julio
IRLEN SAREA

Dilema

2020ko urriaren 3a
00:00
Entzun
«Nik, _____ (r)en aita/ama/tutore legala naizen honek baimena ematen diot ikastolari nire seme/alabaren izenean bere ikasketa prozesua hobetzeko asmoarekin GSUITEko kontu hezitzaile bat sortzeko». Hala dioten gutun bat edo antzekoak iristen ari zaizkie beren alaba/semeak eskolan dituzten guraso askori. Baimen eskaera sinple horren atzean 3 urteko haur batez ari garela gehitzen badiogu, arazoa larria dela esateko garaia da.

Arduradunak bilatzen hasita, zerrenda amaigabea litzateke. Administrazioaren utzikeria, gainkargatutako irakasleen erabakiak, zentroetako arduradunen arlo teknologiari lotutako ezjakintasuna, guraso eta familien errazkeria... Moral kristauagatik errua nori bota bilatzea da errazena; errazkeria, hemen ere.

Errua zeini bota baino gehiago, arazoa bideratzen saiatu behar gara, baina ez gara asmatzen ari. Ez gara asmatzen ari, teknologiaren beste ikuspuntu bat, burujabetza eta askatasunei lotuagoa dugunok erabaki horiek suposatzen dutena transmititzen. Ez gara gai izaten ari era horretako erabakiek gure hezkuntza sistema «propioa» izateko ametsetik zenbat aldentzen gaituzten adierazten. Ez gara gai, txikitatik, teknologiaren ikuspuntu murriztu eta merkantilizatuan gure alaba-semeak hezteak zer ondorio dakartzan azaltzeko...

Egia da, gero eta guraso, teknologia kudeatzaile, irakasle, pedagogo, ikasle... (ikusi besterik ez dago https://t.me/hezkuntzanlibre taldeak duen arrakasta) gehiago hasi direla kontu horietan pentsatzen. Baina hain dira handiak inertziak... erresistentziak ez duela ezertarako balio. Hori pentsatzea automatikoa bihurtzen da.

Socialmedia dilemma (sare sozialen dilema) dokumentala Netflixen bidez estreinatu dute. Sare sozialen erabileraren areagotzeak jendarteari eragin dion kaltea aztertzen du lanak. Azaltzen du nola denok garen ekonomikoki ustiagarriak zaintzako kapitalismoaren eta datu-meatzaritzaren munduan. Tresna horien diseinuak adikzioa elikatzen du, eragin politikoak bideratzeko balia daitezke, buru osasunean eragiten dute —nerabeen osasun mentala barne, suizidio tasak handituz—, eta arrazismoa bultzatzen. Guri entzun baino gehiago, tresna horiek sortu zituztenei sortutakoaz damutzen entzunda, jabetuko gara egiten ari garenaz?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.