gorka julio
IRLEN SAREA

Potaksio

2020ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Parke batean, haur batek «potaksio», beste batek «con arroz blanco» erantzun dio. Gelan sartu, galdera bat egin eta broma artean «potaksio» diote nerabeek. Baina zer kristo da potaksio?

TikToken erabiltzaile askok grabatu du beren burua «potasio dantza» koreografiatuz. Dantza edo erronka horren jatorria birala egin den bideo batean dago. Dominikar Errepublikako auzokide bati egiten dioten elkarrizketa bat entzun daiteke bideoan. Cristina Gonzalez, Karibeko sare sozialetan @lasicopataRD gisa ezaguna dena.

Elkarrizketatzaileak emakumeari aguakatearen kolorea nondik datorren galdetzen dio, eta erantzun eroekin erantzuten du. Horien artean potasioaren ahoskera arraro hori, «potaksio».Facebook, Instagram, Youtubera... jauzi egiten du, eta orain bideoz betea dago sarea.

Kalera ere egin du jauzi, baita gurean ere. Haur eta gazteen arteko hizkera, modak edo joerak aztertzeak, gazteegiak ez garela pentsarazteaz gain, gazteen mundu arrotz horretan gertatzen denaz ezer gutxi dakigula eta zein begirada arrotzekin aztertu ohi dugun pentsaraztera eraman beharko liguke. Gazteen artean gertatzen ari diren eztabaida eta jarrera asko oso era sinplista batean erantzuten ditugu maiz. Nagusitasun beldurgarri batekin alboratzen ditugu, «gazteen kontuak» bezala, hurrengo belaunaldiak haiek izango direla ahaztuko bagenu bezala. Eta, etorkizunaz era generiko batean hitz egiten den bakoitzean, etorkizunik bada, haiek sortuko dutela ahantziz.

Gustatu edo ez, gutxietsi egiten ditugu kultura transmisio digitalak eta horrek gure jendartean eragiteko dituen gaitasunak. Meme propioak sortzeko gaitasun ezak kultura bat hilik dagoela esatea, gehiegi litzateke, baina argi dago kultura horrek, bere dinamismoan, egokitzeko gaitasunean zerbait galdu duela. Kontua ez da euskarazko meme propioak egiten hastea orain eroen moduan, baizik eta kulturaren transmisio digitala serio hartzea eta horretan bide egitea.

Euskal kulturak transmisioari lotutako estrategia digital bat behar du. Kultur arloko agente askok, nahita edo nahigabe, bazterrean uzten duten eztabaida da—zuzenean digitalidadearen kontrako jarrera bat hartzen ez dutenean—. Euskal kulturaren transmisioak aguakatea, potasioa eta arroz txuri gehiago behar du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.