Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Idolatriaren pozoia (I)

2020ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Zirrara eragin eta pentsakor utzi ninduen—nor ez? — Izarok Gaztea sarien banaketan egindako adierazpenak. Aurretik beste batzuek emandako iritzien bide beretik, Maradona zendu berriari egindako laudorioak eta mirespen agerpenak eta horien justifikazioak gaitzetsi zituen, irmo eta tinko: «Hemen zaudetenetako batzuk dezepzionatu gintuzuen, Twitterren bereziki, sareetan, eta argi ikusi zen publikoak zer iritzi duen eta jai daukagula futbolari famatu batek bortxatzen edo jotzen bagaitu».

Sari bat jasotzeko unea aldarrikapen entzutetsu bat egiteko baliatu zuen beste kantari bat etorri zitzaidan berehala burura, eta, hara paradoxa!, hain justu Twitterren Maradona laudatu berri zutenetako bat zen kantari hori, hiru feministaren lekukotasunetan «parapetatuta» egin bazuen ere. Loturak eginez... Izaro dezepzionatu zutenetako bat ote zen beste kantari hori?

Bezperan, Maradona hil zen egunean, Maradonari buruzko dokumental bat, Eriz Zapirainek 2004an zuzendua, «kontraprogramatu»zuen ETB2k —albiste unibertsalak «denok ulertzen dugun hizkuntzan» jorratzen ditu, adeitasunez, ETBk—, egunak eskatzen zuen urgentziaz. Han argi ikusi genuen Maradona miretsiak nor miresten zuen ororen gainetik: Che Guevara.

Bezperaren bezperan, ordea, Maradona hil aurreko egunean, Che Guevara fusilatzaile porrokatua izan zela eman zidan aditzera beste dokumental batek—Isabelle Clarke eta Daniel Costelleren Apocalipsis: la guerra fría, La2n—, eta Maradonaren bihotzeko lagun handiak, Fidel Castrok, kubatarren laurdena erbesteratzera behartu zuela. Ikuspegi partzial eta interesatua akaso, baina gezurtatzen zaila.

Asko dira (ustez edo egiaztatuta) orban biografiko misogino edo/eta matxista latzak dituzten gizonezko miretsiak: Karl Marx, Iparragirre, Pablo Neruda, William. S. Burroughs, Albert Einstein, Jon Mirande, Woody Allen... Baita Bob Marley ere, hain geure egina dugun Ez negar egin doinuaren egilea.

Irakasgairen bat atera daiteke akaso polemika horretatik: lauda eta mirets ezazu pertsona batengan laudagarri eta miresgarri iruditzen zaizuna, haren gaitasuna, talentua, ahalmena, lana, grina, garaipena, lorpena, nahi duzuna eta nahi duzun neurrian, baina kontuz idolatriarekin, pozoi gaiztoa gorde dezake barruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.