U30 greba orokorra. Lurraldeka

Gipuzkoa: ia erabatekoa eskualde batzuetan

Greba deialdiak Gipuzkoan izan du arrakastarik handiena, baina alde handia egon da herri batzuetatik besteetara eta sektoreen arabera. Bi lagun atxilotu dituzte Donostian

CAF enpresaren Besaingo lantokia hutsik, atzo goizean. GOIERRIKO HITZA.
jokin sagarzazu
Donostia
2020ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Euskal Herriko gehiengo sindikalak grebara deitzen duenean, Gipuzkoan izan ohi du arrakastarik handiena, eta atzokoan ere hala izan zen, baina oso irudi ezberdinak utzi zituen eskualdeen eta sektoreen arabera. Industria alorreko enpresa handietan eta hiriguneetatik kanpoko merkataritza guneetan nabaritu zen bereziki; gutxiago tailer eta saltoki txikietan, baina herrien araberakoa izan zen hori ere.

Grebak Goierrin eta Tolosaldean izan zuen eragin handiena. Industria ia erabat gelditu zen, eta denda eta taberna gehienak itxita egon ziren. Goierriko lantoki handienen artean hauek egin zuten bat: CAF, Indar, Irizar, Ampo, Jaso, Bellota eta GKN-k. Tolosaldean ere ia erabatekoa izan zen sektore guztietan.

Debagoienan ere izan zuen oihartzun zabala, bereziki industrian, merkataritzan eta hezkuntzan. Kooperatiben artean ez zen erabatekoa izan. Mondragon Unibertsitatean bertan behera utzi zituzten eskolak, baina fakultate guztietako irakasleek ez zuten babestu greba. Gorabeherei dagokienez, piketeek Kanpazarreko mendatea itxi zuten une batez 06:00 aldera. Asteazken gauean, eraso egin zioten kutxazain bati Arrasaten, baita Aretxabaletako beste bati ere.

Debabarrenan, Urola Kostan, Oiartzualdean eta Behe Bidasoan lurraldeko argazki bera izan zen: greba nabariagoa izan zen lantegi eta saltoki handietan. Denda eta tabernetan alde handiak egon ziren eskualdeen artean: Oiartzualdean eta Urola Kostan gehiago nabaritu zen kaleetan.

Pasaiako portuan, berriz, kamioiak sartu-irtenean aritu ziren, baina barruko eraikinetan ia erabatekoa izan zen lanuztea. Guardia zibilak zaindu zuen portua. Garraioetan, gutxieneko zerbitzuek normal funtzionatu zuten. Goizean, Lapurdi eta Gipuzkoa arteko Euskotren linea bi orduz eten zuten grebalariek; arratsaldean, A-15 errepidea itxi zuten Hernani eta Andoain artean, ordu erdiz.

Donostian, Egia eta Amara auzoetan nabaritu zen gehien. 27. Industrialdean, enpresa gehienak itxi zituzten lehen orduetan, baina, goizak aurrera egin ahala, handituz joan zen jarduera. Gorabeherei dagokienez, Ertzaintzak bi pikete atxilotu zituen goizaldean, bi kutxazaini eraso egitea eta hainbat dendaren kanpoaldean grebaren aldeko pintaketak egitea leporatuta; aske geratu ziren karguekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.