Infernuko apokalipsi umoretsua

'Pobre diablo' Espainiako animaziozko telesailak komedia giroa eraman du deabruen mundura. 'La hora chanante' saioko sortzaileen nobedadea da

POBRE DIABLO.
Mikel Yarza Artola.
2023ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Unicorn Wars Euskal Herriko ekoizpenak animaziozko film luzerik onenaren Goya saria eskuratu duen honetan, baliteke hainbat ikusle helduren artean genero horren inguruko interesa berpiztu izana. Bada, egarri hori asetzeko modukoa da HBO Maxek estreinatu berri duen Pobre diablo telesaila.

Stan mutiko arrunt bat litzateke, salbuespen batengatik izango ez balitz: Antikristo da. 665 hilabete bete berri ditu, eta 31 egun besterik ez zaizkio geratzen profezia bete eta bere patua betetzeko: gizateria kaosean murgiltzea eta munduaren amaiera eragitea. Stanek, ordea, nahiago du musikal batean antzeztu, abestu eta dantzatu.

Hori da komedia absurdoa ardatz duen telesail honen abiapuntua. Sortzaileak Espainiako komedia munduan bide luzea urratu duten bi gizonezko dira, Joaquin Reyes eta Ernesto Sevilla. Bi hamarkada eman dituzte kameraren aurrean, aktore lanetan elkarlanean, eta hamarkada pasatxo ere bai, itzalean, sortzaile gisa.

Bien artean, Reyes trebatu da gehien animaziozko generoan. Albaceteko artistak 2010ean egin zuen lehen urratsa, Muchachada Nui saioaren fruitu izan zen Enjuto Mojamuto websailarekin. Bost minutuko iraupeneko 56 atal ondu zituen, bi denboraldi guztira. Handik bi urtera sortu zuen Monetes del espacio, eta hamar urte geroago heldu da hirugarren nobedadea pantaila txikira, Sitgeseko fantasiazko zinema jaialdian aurrestreinatu ostean.

Zer gertatu zen Rosemary's Baby film klasikoan jaiotako deabruaren haurrarekin? Telesailak ikusleari galdera hori egiten dio, eta aurrerantzean etengabeak izango dira zinemako lan seinalatuei eginiko erreferentziak. Hein batean, proiektu hau zazpigarren arteari eginiko omenaldi bat ere bada, eta gozagarri izango da zinemazaleentzat.

Dena den, sortzaile bikotearen asmo nagusia da infernuari loturiko kontzeptu oro barregarri uztea. Bertan bizi dira Satan, Samael, Mephisto… eta zeinen baldarrak diren azpimarratu nahi izan dute. Horretarako, sekuentzia laburrak, erritmo bizia eta umore basatia erabili dituzte. Are gehiago, Reyesek eta Sevillak generoak iraultzeko trebezia handia erakutsi dute, izatez dramatiko diruditen eszenak barrez lehertzeko moduko bilakatzeraino. Horren adibide, pasarte bat: bere maitalearen hilketaz mendekatu nahi duen hartzak zootik ihes egin eta ehiztaria musika erromantiko baten erritmora patinetez jazartzen duenekoa.

Feminismoa, beganismoa, arrazismoa, frikien trataera… horiek eta beste hamaika kontu polemiko kabitzen dira telesail honetan. Sortzaileak ausardiaz aritu dira umorearen mugetan, gai horien inguruko estereotipoei heldu eta ikuslea ispiluaren aurrean jarrita. Telesailak zorroztasunez egin dio barre hankaz gora dagoen egungo mundu honi, eta, aldi berean, erakutsi du noiz edo noiz badakiela bihotz gozoko izaten.

Pobre diablo Europako HBOk helduentzako egin duen animaziozko lehen telesaila da. Duela bi urte abiatu zuen proiektua, eta marka da estreinatu izana. Izan ere, Warner eta Discovery korporazioen fusioa tarteko, HBOk hamaika ekoizpen propio bertan behera utzi eta katalogotik ezabatu zituen 2022 hondarrean.

'POBRE DIABLO'
Sortzaileak: Joaquin Reyes, Ernesto Sevilla.
Aktoreak: Joaquin Reyes, Ernesto Sevilla, Ignatius Farray, Gakian, Veronica Forque.
Herrialdea: Espainia.
Urtea: 2022.
Non ikusi: HBO Max.
Atal bakoitzaren iraupena: 20 minutu.
Generoa: Animazioa. Komedia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.