Telesailak

Traje gorridunen azken lapurreta

'La casa de papel' telesailak agurreko azken bost atalak estreinatu ditu. Alex Pina nafarrak gidatu du, eta mundu mailako fenomeno bilakatu da

NETFLIX.
Mikel Yarza Artola.
2021eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
2017ko udaberrian estreinatu zuen Antena3 telebista kate espainiarrak La casa de papel eta, orduan, inor gutxik espero zuen gerora lortu duen oihartzuna. Alex Pina zuzendari iruindarrak sortu zuen proiektua, aurrez pantaila txikirako Los Serrano, Los hombres de Paco eta Vis a vis telesail sonatuak ondu ostean.

Telesailak Netflixera jauzi egin zuenean aldatu zen dena. Hirugarren denboraldirako, Espainiako telebista pribatua atzean utzi, AEBetako streaming plataforma erraldoira batu, eta berehala bihurtu zen haren historiako ingelesez besteko fikziorik ikusiena. Mundu mailako oihartzunak pop fenomeno bilakatu zuen, eta gazteen ikono dira egun bankuetako diru lapurrak, Salvador Daliren itxurako maskarak eta Bella ciao ereserki antifaxista.

Pina sortzaile nafarra batetik eta aktore euskaldunak bestetik. Ramon Agirrek agerpen laburra egin du azken ataletan, baina, kasu honetan, Itziar Ituño da arretagune nagusia. Artista bizkaitarra telesailaren protagonistetako bat izan da lehen ataletik, sekulako arrakasta eskuratu du nazioartean; haren jarraitzaileek hainbat fan klub eratu dituzte sare sozialetan.

Ituñoren pertsonaia da, hain justu, narrazioaren mamia ulertzeko giltza. Polizia inspektore da lehenik, autoritatearen sinbolo, eta haren helburua da Espainiako Diruaren eta Zerga Zigiluaren Fabrika Nazionala indarrean hartu duten lapurrak menderatzea. Baina, espioien inguruko Homeland telesaileko Carrie Mathison protagonistak bezala, zailtasunak ditu lana eta familia kontziliatzeko, eta, azkenerako, atzeman nahi zituen horien alboan amaituko du, lapurren bandoan. Hein batean, telesailaren hasierako planteamenduak kutsu antikapitalista du, eta aldera liteke Mr. Robot saio laudatuarekin. Baina, formari eta garapenari dagokienez, gertuago dauka Prison Break klasiko garaikidea. Kartzelako ihesaldia bata, bankuko lapurreta bestea, biak dira tentsioaren labe gorian beroturiko thrillerrak. Telesail horiek gai dira bata bestearen atzetik ikusteko moduko atal adiktiboak sortzeko, eta hori dute bertute eta ahulezia. Izan ere, behin formula ezagututa, atal oro ezusteko gertakari batekin amaitzea amu merkea da. Denboraldiek aurrera egin ahala, sortzaileek arreta handiz landu dute pertsonaia berrien etorrera eta zaharren garapena. Flashbackak baliatu izan dituzte haien psikologia esploratzeko, eta, alde horretatik, agerikoa da Lost telesailaren arrastoa. Hain justu, Internet aroko lehen fikzio birala bilakatu zena.

Mundu zabaleko oihartzunaren zurrunbiloan askok ahaztua izango duten arren, telesailak zeharkako hainbat erreferentzia egin dizkio Espainiako Estatuko hurbileko historiari. M15 mugimendua, Kataluniako erreferenduma eta futbol selekzioaren arrakasta dira, besteak beste, pertsonaien ahotan jasotako gertakari seinalatu batzuk.

Aurreikuspen artistiko eta mediatiko guztiak gaindituta, La Casa de Papel azken geltokira heldu da, trenari sua dariola. Orain, bertatik kiskali gabe nor irtengo ote den jakitea besterik ez da falta.

'LA CASA DE PAPEL'
Sortzailea: Alex Pina.
Aktoreak: Alvaro Morte, Itziar Ituño, Jaime Lorente, Esther Acebo, Belen Cuesta.
Herrialdea: Espainia.
Urtea: 2021.
Non ikusi: Netflix.
Atal bakoitzaren iraupena: 50 minutu.
Generoa: Thrillerra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.