Telesailak

Berdeguneari begira hildakoen oroimenez

'Anne' telesailak fikziora eraman du Liverpool futbol talde ingelesaren 1989ko tragedia. 97 zale hil ziren estadioko harmailetako istripu batean

JUSTIN SLEE.
Mikel Yarza Artola.
2022ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
«Ez zara inoiz bakarrik ibiliko» dio Liverpool futbol taldearen ereserkiak. Duela hiru hamarkada, ordea, 97 futbolzaleren familiek inolako babesik gabe egin zituzten justizia eta egia topatzeko bide luze baten lehen urratsak. Euren senideak 1989ko udaberrian zendu ziren, Nottingham Forest eta Liverpool taldeen arteko kopako finalaurreko partida batean. Norgehiagoka hasi berritan, jende oldea harmailetan behera amildu, eta hil zen, estadio sarrerako polizia kontrol desegokien ondorioz.

Egun, gertakari hau da britainiarren kirolean gertaturiko tragedietan sonarik handienekoa gaur egun ere, eta Anne telesailak fikziora egokitu du lau ataletan. Zorigaitza arnastu daiteke telesailaren lehen irudian: partidarako txartela eskuan duela, ama 15 urteko semea iratzartzen ari da, xalotasunez. Ostera, irrati bidez izango du gertakarien berri, eta berehala helduko da telefono dei beldurgarria. Mutikoaren gurasoak gorputegira deitu dituzte, itxaronaldi eternal baten ondoren, bertan pilaturiko gazteetako bat euren semea ote den baieztatzeko.

Eszena hori ezin lazgarriagoa da, baita protagonistak une kritiko horretara bideratzen dituen sekuentzia ere. Telesaileko zuzendariak aktoreei itsatsita daude uneoro, kamera eskuan, euren erreakzio fisiko bakoitza ahalik eta modurik gordinenean islatu nahian. Negar malkoak, eskuen dardara, etsipen oihuak... emozioek erraietatik eratorriak dirudite, eta ikusleei barruak astinduko dizkiete.

Doluaren bost etapetan ukazioa izan ohi da lehena, amorrua bigarrena eta onarpena azkena. Sortzaileek prozesu hori ere fikzioan islatu nahi izan dute, eta senar-emazte protagonistaren figura baliatu dute horretarako. Bikotearen interpretazio itzelaren bidez iradoki dute pertsona guztien erritmoa eta formak ez direla berberak heriotzari eta galerari aurre egiteko garaian.

Sentimenen zurrunbilo ahaztezin horren ostean, telesailak esparru judizialera jo du, 27 urtez luzatu zen ikerketa publikora. Hildakoen senideek hamaika ekinbide jarri zituzten martxan istripuaren puntu beltzak argitzeko, eta beste horrenbeste oztopori egin behar izan zioten aurre. Dokumental kutsua hartu eta artxiboko irudiak baliatuta, telesailak fikziozko pasarteekin tartekatu ditu garaiko polizia arduradunen adierazpenak, ordezkari politikoen eztabaidak eta biktimen aldeko omenaldiak.

Administrazioaren labirinto burokratikoan murgiltzean, telesailak elkarrizketa esplizituak lehenetsi eta irudi iradokitzaileak alboratu ditu, dramaren kaltetan. Baina laino beltzen artean goibeldu aurretik lortu du argi izpiak topatzea. 2016an, ikerketa batek ondorioztatu zuen istripuan bizitza galdu zuten futbol zaleak, legearen kontra erailak izan zirela. Are gehiago, Erresuma Batuko gobernuko ministro ohi baten arabera, hori «britainiar poliziaren inoizko eskandalurik handiena» izan zen. Gaurdaino, ordea, inor ez da kondenatua izan gertakizun horrengatik. Joan den igandean, Nottingham Forest eta Liverpool lehen aldiz lehiatu ziren kopako partida batean, 1989ko Hillsborougheko tragediatik. Estadioan 97 eserleku utzi zituzten hutsik, berdeguneari begira hildakoen oroimenez.

'ANNE'
Sortzailea: Bruce Goodison.
Aktoreak: Maxine Peake, Stephen Walters, Clare Calbraith, Bobby Schofield, Raymong Waring.
Herrialdea: Erresuma Batua.
Urtea: 2022.
Non ikusi: Filmin.
Atal bakoitzaren iraupena: 50 minutu.
Generoa: Drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.