Telesailak

Eskaileretan behera amildutako bizitza

Colin Firth eta Toni Collette aktore ezagunak dira 'true crime' estiloko 'The Staircase' telesaileko protagonistak

HBO MAX.
Mikel Yarza Artola.
2022ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Emakumea eskaileretan behera erorita hil zen, ala senarrak erail zuen? Istripua ala hilketa izan zen? Galdera hori da The Staircase telesailaren ardatz nagusia. Antonio Camposek sortu, idatzi eta zuzendu du proiektua; itzalean baina etengabeko lanean, Hollywooden bi hamarkadako ibilbidea jorratu du zinemagile estatubatuar horrek. Peterson auziak izugarri erakarri zuen Campos, eta benetako gertakariak xehe-xehe aztertu ditu, hainbat epai saiotara joanda.

Michael Petersoni, errealitateko senarrari, bizi osoko kartzela zigorra ezarri zioten Kathleen Hunt emaztea hiltzea leporatuta. Hogei urte geroago, ordea, gizonak bera errugabea dela dio oraindik. Aurrez, bi dokumental egin dira Peterson auziaren inguruan, baina Camposek gehiago garatu nahi izan du kontzeptua: istorioa fikziora egokitu du, eta protagonisten bizitzetako esparrurik intimoenean barneratu da.

Senar-emazteen rola jokatzen, interpretazioaren arloko bi maisu beterano: Colin Firth Oscar sariduna eta Toni Collette. Hollywoodeko izarren erakargarritasun komertziala bistakoa da, baina, zorionez, telesail hau bi aurpegi ezagun baino askoz gehiago da. Sortzaileek aparteko lana egin dute pertsonaiak, kokalekuak eta giro jakinak berreraikitzen, eta modu horretan lortu duteAEBetan sekulako sona izan zuen kasu bortitz honen barne istorioa kontatzea. Flashbacken erabilpen zorrotzaren bidez, testuinguru psikologikoa eta emozionala eman diote kontakizunari, gizatasuna erantsi askorentzat ulertezina zirudien basakeriari, eta freskotasuna eman hamaika modutan zukuturiko true crime generoari.

Baina... nola kontatu gezur bat familiako senideei aurrez aurre? Nola iraun presio sozial, mediatiko eta judiziala? Modu batean, telesail honek gogora ekar lezake 2020ko The Undoing. Nicole Kidman eta Hugh Grant izan ziren hartako protagonista, hilketa misteriotsu baten eta sekretu ilunen giroan harrapaturiko bikote baten rolean. Bi telesail horien protagonistak goi klaseko bikoteak dira, bizitza helburu eta hutsune erraldoiz bete duten bikoteak. Dena den, ez dira zeru goibelduko izar bakarrak: haien alboan daude, esaterako, Juliette Binoche aktore frantziar seinalatua eta Sophie Turner gaztea, zeina ezagun egin baitzen Game of Thrones telesailean Sansa Starken rola jokatu zuelako.

Gorputz mugimenduak, begiradak, keinuak... telesaileko pertsonaien erreakzio txiki orok izan dezake esanahia, eta, fikziozko inspektoreen antzera, ematen du The Staircase-n gidoigileak ere detektibe lanetan jardun dutela, nolabait.

Kathleen Hunt 2001ean topatu zuten etxeko eskaileretan odolusturik, modu beldurgarrian hilik. Urte hartan bertan, Michael senarra nobela arrakastatsu bat publikatzeko zorian zegoen, eta kargu publiko bat eskuratzeko hauteskunde kanpaina prestatzen hasia zen. Zer gertatu ote zen haien artean, bien bizitza eskaileretan behera amildu eta mila puskatan hausteko? The Staircase telesailak ez dauka erantzunik galdera horrentzat, baina lortu du hipotesi lainotsuen artean argi izpientzako zirrikitu bat irekitzea.

'THE STAIRCASE'
Sortzailea: Antonio Campos.
Aktoreak: Colin Firth, Toni Collette, Parker Posey, Sophie Turner, Juliette Binoche.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2022.
Non ikusi: HBO Max.
Atal bakoitzaren iraupena: 60 minutu.
Generoa: Drama. Thrillerra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.