Telesailak

Dinosauroen erreinurako itzulera

David Attenborough naturaren historiako dibulgatzaile nekaezinak 'Prehistoric Planet' telesaila estreinatu du Apple TV Plusen, 96 urterekin

APPLE TV PLUS.
Mikel Yarza Artola.
2022ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
«Sekula existitu den animaliarik paregabeenetako bat da dinosauroa. Nolakoa zen, zer itxura zuen, eta zer bizimodu zuen?». Sarrerako hitz horiekin abiatzen dira Prehistoric Planet telesail dokumentaleko bost atalak. David Attenboroughen proiektu berria da; 96 urteko gizon britainiarrak bizi osoa eman du biologia eta animalien unibertsoa ikertzen. 1950eko hamarkadan osatu zuen BBCrentzat naturari loturiko lehen saioa, eta, ordutik, historiako narratzailerik bikainenetako bat bilakatu da.

Adinean gora egin ahala, Attenboroughek inoiz baino atzerago begiratu du: 66 milioi urte atzera, dinosauroen arora. Bost ataletan, bost natur ingurune esploratu ditu: kostak, basamortuak, ur gozoak, izotzezko munduak eta basoak. Dinosauro espezie ezberdinak toki horietan guztietan bizi izan ziren, eta haien mundua gerturatu die XXI. mendeko ikus-entzuleei.

Baina nola pantailaratu du duela horrenbeste denbora gertatu zena? Ikerketa paleontologiko eguneratuak oinarri hartuta, Attenboroughen lantaldeak hamar urte eman ditu telesaila fintzen. Iruditan, dinosauroak eta kontinenteen antzinako ekosistemak CGI teknologiaren bidez birsortu dituzte. Testuinguru horretan, ikusleen begirada ere aldatu da ezinbestean. Attenborough proiektuek aparteko ikusmina sorrarazi izan dute mundu zabalean, animalien erreinuko irudi paregabeak filmatu izan dituelako. Borroka, ehiza, migrazioa, maitasuna... animalien benetako pasadizoak erregistratu izan ditu kamera eskuan, haiengandik metro gutxira. Oraingoan, ordea, jada existitzen ez den mundu baten fikziozko birsortzea osatu du, eta hori distrazio bilaka liteke pantaila txikiari begira ari diren askorentzat.

Dena den, telesaila xehetasunez josita dago, eta, egiazki, hau da dinosauroen munduaren inguruan inoiz osatu den entretenimenduzko lanik zorrotzena. Gainera, errealizazioa ikusgarria da, narrazioa zirraraz beterikoa, eta soinuaren erabilera ezin dramatikoagoa. Hans Zimmer da musikaren egilea, Dune filmarekin soinu banda onenaren Oscar saria irabazi berri duen artista laudatua.

Berrehun minutuz gaindiko proiektu honek osaturiko erretratua izugarri ederra da, eta, nolabait, gizakion unibertsoaren ispilu ere bai. Attenborough gure instinturik oinarrizkoenen inguruan ari da hizketan, bizirik irauteko ahaleginaren inguruan. Abentura eternal horretan, dibulgatzaile britainiarrak geroaren haziak hezten jarraitu nahi du, bere ekarpen erraldoia aberasten, heriotzak ez dezan haren arrastoa ezabatu.

Telesaila BBCk eta Apple TV Plusek ekoitzi dute, elkarlanean, eta indar metatze hori ere adierazgarria da. Izan ere, sagarraren erraldoiak aurrea hartu die streaming bidezko gainerako plataformei. Hollywoodeko zuzendari eta aktore ezagunenak erakarri zituen lehenik, eta orain lehen mailako dokumentalgileak ere bereganatzen ari da. Prehistoric Planet errealitate nola bilakatu den ezagutu nahi dutenek aukera paregabe bat dute Apple TV Plusen webgunean.

'PREHISTORIC PLANET'
Sortzailea: Jon Favreau, David Attenborough.
Herrialdea: Erresuma Batua.
Urtea: 2022.
Non ikusi: Apple TV Plus.
Atal bakoitzaren iraupena: 40 minutu.
Generoa: dokumentala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.