Telesailak

Etorkizunik ez zuretzat

Disney Plus plataformak Sex Pistols punk talde mitikoaren inguruko 'Pistol' telesaila plazaratu du. Danny Boylek zuzendu ditu sei atalak

DISNEY PLUS.
Mikel Yarza Artola.
2022ko irailaren 24a
00:00
Entzun
«Jainkoak salba beza erregina», kantatzen zuen Sex Pistols taldeak. Ez zion kantatzen, ordea, Elizabeth II.ari; gizarte britainiarraren okerrei eta gazteen etorkizun beltzari baizik. Erresuma Batuko rock musikaren sen iraultzailea apalduta, 1970eko hamarkadan masa fenomeno bilakatu zen, eta, giro horretan, punk kulturak indarra hartu eta gizartea astindu zuen.

Danny Boyle zinemagile ingelesak urte basati horiek fikziora egokitu ditu sei ataleko telesail honetan. Boyle Trainspotting film klasikoaren zuzendari gisa egin zen ezagun munduan. Droga, sexua eta indarkeria nagusi ziren lan horretan, eta Sex Pistols taldearen inguruko drama ere tankera horretako erreferentziez josi du. «Gurea ez da musika, gurea kaosa da», adierazi zion Steve Jones gitarra jotzaileak kazetari bati, taldearen historiako lehen elkarrizketa inprobisatuan. Haren bizitza da Pistol telesailaren ardatza, eta, horretarako, Lonely Boy liburu autobiografikoa izan dute abiapuntu, Jonesen haurtzaro traumatikoak tarte berezia du lan horretan.

Musikak gidatzen du telesaila, eta pistolarien kanta ezagunen artean entzun daitezke garai hartako beste hainbat artista ikoniko, esaterako, David Bowie, Serge Gainsbourg, Kiki Dee, The Who eta Hawkwind. Ikustaldia entretenigarria da oso, Boylek banda baten egunerokoa modu dinamikoan eraman du iruditara. Hori bai, ez du arinkerian erori nahi izan, eta orduko gizarte kronika ahalik eta zehatzena osatu du, eszena bakoitza azkeneraino zainduta.

Zinemagile britainiarrak taldekideen arteko tirabirei ere merezi duten sakontasuna eman die. Johnny Rottenen sarrera proba elektrikotik hasi eta Sid Viciousen gainbeheraraino, gorrotoa zainetan zuten lagunen abentura kontatu du. Sistemari desafio egin zioten, eta musikaz harago joan ziren. Janzkerak eta itxura fisikoak berebiziko garrantzia izan zuten punkaren azpikulturan, identitate kolektibo bat eraiki zuten eta, alde horretatik, emakumeen ardura azpimarratzeko modukoa da. Game of Thrones telesailean ezagun egin zen Maisie Williams aktorea eta berak jokatu du aurten hildako Pamela Rooke punk erreginaren rola. Haren alboan agertzen da pantailan Vivienne Westwooden pertsonaia, punk iruditeria publiko orokorrari helarazi zion moda diseinatzailea eta pentsalaria.

Txanponaren beste aldean, Malcolm McLaren, Sex Pistolsen managerra. Iraultzaren eta eraldaketaren lekuan, berak negozioa eta arrakasta bistaratu zituen, eta bide horretatik gidatu zuen Londresko punk laukotea. Diskoetxe handiekin kontratuak, telebistan agerpenak, monarkia britainiarraren aurkako ekintza probokatzaileak... taldeak boterea eta bozgorailu propio bat eskuratu zituen, baina horrekin batera heldu zitzaizkien albo kateak: jazarpen mediatikoa eta soziala.

Aktore lanetan, gizonek egin dute distira gehien, batez ere, Johnny Rotten eta Sid Vicious musikarien rolak jokatu dituztenek. Harreman adierazgarriena, ordea, Steve Jones eta Chrissie Hynde maitaleen artekoa da. Suntsiketaren espiral betean egonda ere, euren ustez bazen argi izpirik, bazen etorkizunik.

'PISTOL'
Sortzailea: Craig Pearce, Danny Boyle.
Aktoreak: Toby Wallace, Anson Boon, Louis Partridge, Sydney Chandler, Maisie Williams.
Herrialdea: Erresuma Batua.
Urtea: 2022.
Non ikusi: Disney Plus.
Atal bakoitzaren iraupena: 50 minutu.
Generoa: Drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.