Beldurrezko eta fantasiazko istorioen kontalariei gorazarre

Guillermo del Torok 'Cabinet of Curiosities' antologia telesaila estreinatu du Netflixen, zortzi zuzendarirekin lankidetzan

CABINET OF CURIOSITIES.
Mikel Yarza Artola.
2022ko urriaren 29a
00:00
Entzun
«Duela hainbat mende, mundua misterioz beteta zegoen eta bidaiatzea gutxi batzuen pribilegioa zen garaian, bildumazaletasun berri bat jaio zen: bitxikerien armairua». Alfred Hitchcock Presents, The Twilight Zone, Historias para no dormir, Tales from the Crypt... telesail horietako edozeinen sarrerako esaldi izan liteke, baina ez, Guillermo del Tororena da.

Klasiko horien ereduari jarraituz itzuli da zinemagile mexikarra pantaila txikira. Zortzi zuzendari, zortzi atal eta zortzi istorio indibidual. Denak ere, The Shape of Water-ekin film eta zuzendari onenaren Oscar sariak irabazi zituen artistaren betaurrekoetatik.

Hasieratik, telesaila sinbolismoz josita dago. Giltza bat, kutxa misteriotsua ireki eta abentura berrietan murgiltzeko, irudimen zirraragarriz eta muturreko bortizkeriaz beteriko abenturak.

Lot 36 izena du lehen atalak, eta amerikar indibidualismoa du ardatz. Guillermo Navarro mexikarrak (Pan's Labyrinth, Hannibal) istorio berean irabiatu ditu Irakeko gerra, arrazismoa, naziak eta magia beltza. Vincenzo Natali kanadarrak (Cube, Splice), berriz, antzinako Salemera jo du Graveyard Rats atalean. Hilerri bateko arduradun baten bidez, diru gosearen eta ezkutuko azpijokoen inguruan egin du gogoeta. F. Murray Abraham aktore beteranoa da David Goyerren The Autopsy ataleko izarrik distiratsuena. Giza anatomia gurtu eta dominazioa aztertu nahi izan du istorio honetan, baina alor formalak indar handiagoa du gidoiak baino.

Aparteko aipamena merezi du Ana Lily Amirpourren lanak. Zinemagile britaniarrak eguberri garaian girotu du The Outside atala, lagun artean kanpotar izateari utzi nahi dion emakumearen inguruko istorio makabroa. Gizarte onarpena, goiko klaseko pertsonen histeria, itxurakeria eta obsesioa dira itogarria bezain jostaria den kontakizun honen zutabeak.

Guztira zortzi atal izanik, erdiak dira horiek, eta nahikoa proiektu kolektibo paregabe honi neurria hartzeko. Zuzendari estatubatuarrek ez ezik, italiarrek eta australiarrek ere hartu dute parte, eta txalotzeko modukoa da. Izan ere, nolabait, Del Torok bere babesean hartu ditu Hollywooden radarretik urrun aritzen diren zinemagile horiek, eta bozgorailu erraldoi bat eman die, munduak ezagutu ditzan.

Netflixen estrategiak ere eman du zeresana. Bere historian lehen aldiz, plataformak atalak egunez egun plazaratu ditu. Asteartetik ostiralera, bi atal eguneko. Erabaki horren bidez, aldendu egin da denboraldi osoa kolpez argitaratu eta kontsumitzeko bidea ematen zuen binge-watching delakotik. Aurten, streaming bidezko erraldoiak bitan zatitu ditu Stranger Things eta Ozark telesailen denboraldi berrienak, eta, nobedadeak egunez egun eskaintzeko estrategia horren bidez, are gehiago ireki die atea asteroko emankizunei.

Estrategiak estrategia, sormena da hemen funtsezkoena, eta Guillermo del Tororen Cabinet of Curiosities kontalarien festarako erreinu bilakatu da. Antzinako kulturak, heriotza, paranoia, ametsak, beldurrak, fobiak eta traumak... Sekulakoa da kontzeptuen eta metaforen euri-jasa. Bitxikerien armairua bigarrenez irekitzeko modukoa.

'CABINET OF CURIOSITIES'
Sortzailea: Guillermo del Toro.
Aktoreak: Sebastian Roche, Kate Micucci, Rupert Green, Peter Weller, Andrew Lincoln.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2022.
Non ikusi: Netflix.
Atal bakoitzaren iraupena: 60 minutu.
Generoa: izua, fantasia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.