Zonbi apokalipsiaren akabera

'The Walking Dead' telesailak agur esango du bihar, 12 urteren eta 177 atalen ostean. Azkenak ordu eta erdi iraungo du, eta ekitaldi berezi bat antolatu dute emanaldia girotzeko

JACE DOWNS/AMC.
Mikel Yarza Artola.
2022ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
2010eko urriaren 31n hasi zen apokalipsia. Luzaroan koman egon ostean, Rick Grimes zonbiz beteriko mundu batean esnatu zen. Ospitalea atzean utzita, Morgan ezagutu zuen lehenik, eta Glenn ostera, Lori emaztea eta Carl semea berriz ere topatzeko bidean. Baina inor ez zegoen salbu.

Hastapen haiek ezjakintasunez beteak izan ziren. Pertsonaiek beldurra zieten zonbiei, ez zeuden haiek akabatzeko trebatuta, eta birusa deuseztatzeko itxaropena zuten. Telesailean zehar, ordea, hildakoak baino are arriskutsuago bilakatu izan dira bizidunak. Shane, Gobernadorea, Terminuseko kanibalak, Otsoak, Alpha eta Beta... luzea da talde protagonistaren osotasuna kolokan jarri izan duten barne zein kanpo etsaien zerrenda.

Telesailak entretenimendurako sekulako gaitasuna erakutsi zuen hasieratik, milioika ikusle erakarri zituen narrazio estilo biziari eta cliffhanger gogoangarriei esker, eta, urteen poderioz, sakontasuna irabazi du. Zonbi bihurtu ez dadin ama tiroz hil behar duen semea, begiak betiko itxi aurretik loreei begiratzen dien neskatoa, bakean bizi eta inor erail nahi ez duen gizona... eszena batzuk betiko iltzatuta geratuko dira zaleen oroimenean. Baina ziurrenik bizitoki batek du oihartzunik handiena, Alexandria komunitateak.

Apokalipsi zonbirik existituko ez balitz bezala, komunitate horretako lagunak erabateko normaltasunez bizi dira. Hiriko hesietatik kanpo, indarkeria, heriotza eta sufrimendua dira nagusi; Alexandria, berriz, iraganeko gizarte zibilizatuaren oasia da. Daryl, Michonne, Maggie, Carol... mesfidati agertu ziren lehenik, amesgaiztorik gabeko mundu bat posible zela ezin sinetsita. Neganen beisbol bate arantzadunak bortizki hautsi zuen burbuila, eta, haren bidez, telesailak bide eman zion ildo narratibo berri bati, ildo ekonomikoari.

Aberastasuna banatzeko bi eredu: esklabotza kutsuko zerga sistema zorrotza, batetik, komunitateen arteko erregulazio parekidearen aldekoa, bestetik... telesailak sentipenak alboratu eta arrazionaltasuna lehenetsi du azken denboraldietako ildo narratiboetan. Baina zaleen fideltasun kredituak muga bat du, eta sortzaileen bekatu kapitala luzamenduetan ibiltzea izan da. Atal gogoangarrien artean, ahazteko moduko asko ere egon dira, pertsonaia ikonikoak desitxuratzeraino.

Bazterrekoa 'mainstream'

Duela hamabi urteko estreinaldi hartatik, bi aktore protagonista besterik ez dira geratzen, eta telesaila goitik behera aldatu da. Hala ere, Frank Darabontek (The Shawshank Redemption, The Green Mile) hasitako proiektuaren ekarpena ukaezina da. Historikoki bazterrekoa izan den zonbien generoa mainstream-ean kokatu eta betiko eraldatu du.

Komikietatik nabarmen desbideratuta eta 177 ataleko bidea eginda, iritsi da atseden hartzeko unea. Baina frankizia erraldoi honen soka ezin luzeagoa da. Fear The Walking Dead, World Beyond, Dead City... unibertso apokaliptikoari jarraipena emango dioten sei telesailetako hiru dira. Horiez gain, badira beste hainbat bideo, karta eta mahai joko ere. Gustatu ala ez, The Walking Dead telebista garaikideko historia bizia da eta zonbien atzaparretan desagertzetik oso urrun dago.

'THE WALKING DEAD'
Sortzailea: Angela Kang.
Aktoreak: Norman Reedus, Melissa McBride, Lauren Cohan, Josh McDermitt, Jeffrey Dean Morgan.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2022.
Non ikusi: FOX, OCS.
Atal bakoitzaren iraupena: 50minutu.
Generoa: Drama. Izua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.