Uretako kondairak, espirituak eta abenturak

'Avatar: The Legend of Korra' animaziozko telesailak hamar urte bete ditu, James Cameronek bigarren 'Avatar' filma plazaratu duen urte berean

AVATAR, THE LEGEND OF KORRA.
Mikel Yarza Artola.
2022ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Avatar: The Way of Water, aste honetako eta urteko zinema estreinaldi sonatuenetako bat da. James Cameron zinemagile kanadarrak hamahiru urte eman ditu sagako bigarren filmaren prestaketa lanetan, Zeelanda Berrian, bertako kulturan inspiratzen eta ur azpian filmatzeko teknologia berritzaile bat lantzen. Baina, Pandora unibertsoaren aurretik, bazen beste Avatar bat.

2005ean, bi artista estatubatuarrek animaziozko istorio bat sortu zuten, Asiako kultura inspirazio hartuta. Marrazki bizidun amerikarrak, anime japoniarra eta arte martzial txinatarren iruditeria konbinatuz osatu zuten istorioa. Telekinesia gaitasunak dituzten pertsona seinalatu batzuk dira protagonistak. Abilezia horren bidez, ahalmena dute ura, lurra, airea edota sua manipulatu eta arma gisa erabiltzeko. Lau elementuak menderatzeko gai den bakarra, Avatar: nazioarteko harmonia mantendu eta mundu fisiko eta espiritualaren artean zubi lanak egiten dituen norbanakoa.

The Last Airbender izeneko lehen telesailak sekulako arrakasta komertziala izan zuen; hiru denboraldi iraun zuen, eta segida eman zion hamar urte bete berri dituen The Legend of Korra sekuelak. Bidean, Michael Dante DiMartino eta Bryan Konietzko sortzaileek hamaika komiki, liburu eta bideojoko plazaratu zituzten, Avatar frankizia izugarri errentagarri bilakatzeraino. Are gehiago: 2023an, estreinalditik hemezortzi urtera, The Last Airbender telesaila eraberrituko dute, gizakiekin filmaturiko benetako akziozko teknikaren bitartez.

Unibertso propioa

Avatar animaziozko sagak mundu zabaleko milaka ikusle erakarri zituen, sortzaileek aske eta ausart jardun baitzuten istorioaren eraketa prozesuan. Animazioak ematen duen askatasuna baliatuta, xehetasun paregabez beteriko unibertso propioa eraiki zuten, eta narrazio erritmo bizia jorratu. Argazki lan ikusgarria eta pertsonaien arku dramatiko konplexuak ere txalotu izan dituzte; baita, txanponaren beste aldean, kontakizuna arintzen duten umorezko ukitu jostalariak ere.

Hori gutxi balitz bezala, istorioak dimentsio politikoa eta filosofikoa ere baditu, eta gogoeta egin izan du, besteak beste, moralaren, boterearen eta askatasunaren inguruan. Hinduismotik dator avatar adiera, eta, zehatz-mehatz, oinordeko esan nahi du. Oinordekotza kontzeptual hori telesailaren hainbat pasartetan igar liteke. Sortzaileek historiako benetako gertakariak eta kolektiboak hartu izan dituzte, narrazioaren atzeko oihal gisa. Tartean, Artikoko tribu indigenak, Txina monarkikoa, Japonia inperiala eta Tibeteko budak.

Avatar telesailak pop kulturan ere utzi du arrastoa, eta horren erakusle dira The Simpsons eta Star Wars-ek haren unibertsoari egin dizkioten erreferentziak. Azken batean, DiMartino eta Konietzko sortzaileek eraikitako mundua oihartzun emozional handikoa da, eta belaunaldi arteko arrakala gainditzeko gaitasuna du. Helduengan arrastoa uzteko moduko ukitu ilunak ditu, baina baita haur eta nerabeak erakartzeko abentura atseginak ere.

Ia hogei urte geroago, Nickelodeon telebista kateak Avatar estudioak eratu ditu. Denbora kontua da unibertso honen eskala inoiz baino erraldoiagoa bihurtzea.

'AVATAR: THE LEGEND OF KORRA'
Sortzailea: Michael Dante DiMartino, Bryan Konietzko.
Aktoreak: Janet Varney, Jeff Bennett, Dee Bradley Baker, David Faustino, J.K. Simmons.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2012.
Non ikusi: Netflix.
Atal bakoitzaren iraupena: 25 minutu.
Generoa: Animazioa. Abenturazkoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.