Albistea entzun

Barre egitera behartuta

'Shrinking' komediak Harrison Ford eta Jason Segel ditu protagonista. Apple TV Plusen dago ikusgai, psikologia munduan dago girotuta, eta hamar atal ditu
BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Yarza Artola -

2023ko urtarrilak 28

Hamaika zorigaitz ditu gaur egungo munduak eta, sarritan, gizakiak terapiara jo izan du halakoei aurre egiteko. Terapiarik onena umorea dela esaten dutenak ere badira, eta haientzako telesail ezin aproposagoa da Shrinking. Psikologo bat da istorioko protagonista; emaztea galdu berri du, eta, doluari aurre egiteko, bere burua nortasunez aldatzera behartuko du. 40 urte inguruko gizonezkoa erabateko gardentasunez jokatzen hasiko da, eta ez du iritzi, erreakzio eta sentipen bakar bat ere ezkutatuko, izan terapia gelan, izan lagun artean.

Protagonistak pertsona kutun baten heriotzari egin behar dio aurre. Tankera horretako pertsonaia bat aipatu eta berehala, askok gogora ekarriko dituzte azken urteetako bi telesail: Ricky Gervais komediagile laudatuak 2019an egindako After Life (Netflix) eta 2018ko Sorry for Your Loss (Facebook Watch). Azken horretan parte hartu zuen James Ponsoldt zuzendari estatubatuarrak, eta bera da, hain justu, Shrinking telesaileko hamar atalen zuzendaria.

Pantailan ageri diren izarrak ere ez dira nolanahikoak. Psikologo protagonistaren rola jokatu du Jason Segelek (How I Met Your Mother, Freaks and Geeks, Undeclared). Segel sortzaile taldean ere aritu da, eta komedia munduan onarpen zabala eskuratu duen artista bat da, egindako bide emankorragatik. Harrison Ford haren alboan, zazpigarren arteko mito bizi horietako bat. 30 urte joan dira Fordek pantaila txikirako azkenengoz lan egin zuenetik —1992ko The Young Indiana Jones Chronicles proiektuan aritu zen orduko hartan—, eta orain bi nobedade plazaratu ditu urte berean. 1923 proiektua da bestea, eta Helen Mirrenekin batera aritu da bertan, western generoan berezitu den Taylor Sheridan zuzendari estatubatuarraren gidaritzapean. Oraingoz, telesail horrek ez dauka estreinaldi datarik Euskal Herrian.

Shrinking-en, Segel eta Ford lankide dira, bulego berean ematen dituzte psikologo zerbitzuak, eta, haien pertsonaiak antagonikoak izan arren, aktoreek sekulako kimika daukate. Pantailan parez pare agertzen diren bakoitzean nabari zaie sintonia, gidoiko elkarrizketetan ez ezik baita begiradetan eta gorputz keinuetan ere.

Telesaila erritmo arinekoa da; atalek ordu erdi irauten dute, eta horrek are eramangarriago egiten du ikustaldia. Sortzaileek ez dute aparteko ahaleginik egin narratiba kiribiltzeko, eta, ikusle jakinentzat, argumentua azalekoegia izango da. Hein batean, ordea, hori da kontakizunaren indargune nagusia; senide, lankide eta lagun arteko eguneroko eszena arrunten bidez, gai da doluaren, oinazearen eta maitasunaren inguruko gogoeta itxaropentsuak plazaratzeko.

Porrot egin dutenek zoriona topa dezakete berriz ere, hori da telesailaren aldarrikapen kontzeptual nagusietako bat, eta, alde horretatik, batzuek Ted Lasso saioarekin alderatu dute. Hasiera batean ez dirudi, azken horren tankeran, Shrinking-ek ere datozen bi urteetan zortzi Emmy irabazi eta horren ezagun bilakatuko denik. Dena den, ikusteko eta gozatzeko modukoa da. Apple TV Plusek Harrison Forden amua baliatuta mundu zabalean hedatu nahi izan duen arren, oharkabean igaroko da milioika ikuslerentzat.

'SHRINKING'
Sortzaileak: Brett Goldstein, Bill Lawrence, Jason Segel.
Aktoreak: Jason Segel, Harrison Ford, Jessica Williams, Christa Miller, Michael Urie.
Herrialdea: AEBak.
Urtea: 2023.
Non ikusi: Apple TV Plus.
Atal bakoitzaren iraupena: 30 minutu.
Generoa: komedia.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Joseba Sarrionandia <em>Kristalezko begi bat</em>-en pasarte bat irakurtzen, atzo, Bilboko Arriaga antzokian. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Agur Meaberen 'Kristalezko begi bat' irakurri dute Bilboko Arriagan

Amaia Igartua Aristondo

Miren Agur Meaberen 'Kristalezko begi bat' eleberria irakurri dute ahots goran Bilboko Arriaga antzokian, Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatutako XVI. Irakurraldi Jarraituan.

 ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

«Kontsultaren eta laborategiaren artean zubiak eraikitzea dagokit»

Iker Tubia

Laguntza eta jakin-mina aipatzen ditu Mendibek neurologiaz hitz egitean, baita pazienteak eta talde lana ere. Esklerosi anizkoitzaren alorrean izan diren aldaketa «sekulakoak» azaldu ditu. Esan duenez, alzheimerra eta AEA dira erronka nagusiak.
 ©EITB

«Primeran plataforman egongo da fikzio euskaratua, ez ETB1en»

Urtzi Urkizu

EITBk irailean aurkeztuko du Primeran plataforma. Iparragirrek iragarri du filmak, telesailak eta dokumentalak izango direla ardatz nagusia —%99 euskarazko audioarekin edo azpidatziekin—.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.