Albistea entzun

Hutsunearekin bizitzen ikasten

'Dear Edward' telesailean hegazkin istripu batetik bizirik irten den mutiko bat da protagonista. Hamar ataleko drama bat da, eta Apple TV Plusen dago
DEAR EDWARD Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Yarza Artola -

2023ko otsailak 4

Denak berdinak al gara heriotzaren aurrean? Zer sentitzen dugu gertuko pertsona kuttun bat, kolpetik, ezustean, gure albotik desagertzean? Galdera hori inoren ahotan entzun ez arren, izugarri presente dago Dear Edward telesaileko lehen minutuetan.

Hegazkin istripu bat. 9 urteko mutikoa. Bera da protagonista, zorigaiztoko gertakari horretatik bizirik irten den pertsona bakarra. Modu tragikoan hildako gainerako bidaiariak ere badira protagonista, eta, batez ere, haien hutsunea onartu eta dolua landu behar duten senideak.

Hamar ataleko telesail hau fikziozkoa da, baina errealitatean oinarrituta dago. 2010ean, hegazkin batek istripua izan zuen Hegoafrikatik Libiara bidean zela, eta 104 bidaiarietatik 103 hil ziren. Albisteak Ann Napolitano idazle estatubatuarra inspiratu zuen gertakariaren inguruko nobela bat idazteko, eta Apple TV Plus plataformak telebistarako egokitzapena plazaratu du orain.

Proiektuaren sortzailea Jason Katims da, 25 urtez kutsu sentibera eta komertziala duten pantaila txikirako lanak osatu dituen gidoigile amerikarra. 2011n, gidoi onenaren Emmy saria eskuratu zuen, Friday Night Lights telesailagatik, eta proiektu horretan zuzendu zuen, hain justu, Connie Britton aktorea, Dear Edward-eko pertsonaia nagusietako baten rola ere jokatu duen emakumea. Telesail honetako beste aktore entzutetsuetako bat da Taylor Schilling, kartzela giroko Orange is the New Black dramediako protagonista seinalatu izandakoa.

Lehen atala ikusi ostean, zale askori Lost klasiko garaikidea etorriko zaie gogora. Hemen ez dago uharte misteriotsurik, ezta halabeharrez bizilagun bilakatu diren norbanakoen arteko lehia gordinik ere, baina bai hegazkin batera igo eta bertatik sekula jaitsi ez diren pertsonak. Telesailak lurrean bizirik geratu diren gizakiengan jarri du arreta, eta heriotzak utzi dien arrastoa xehe-xehe esploratu.

Sentimendu gordinak

Haur protagonistak ez du istripua oroitzen, ezta ama, aita eta anaia bertan galdu dituela ere. Izebak ezer ez kontatzea erabaki du. Beste ama bat lur jota ageri da, hegazkinean hildako alabari telefonoz deika, sakelakoaren beste aldean, negar malko artean, bere ahotsa entzungo duen itxaropenez.

Telesailak halako pasarte hunkigarrietan funtzionatzen du ondoen, benetako sentipen gordinei heldu eta ikusleen erraietara zuzen-zuzenean jotzen duenean. Istorioak oinarri dramatiko sendoa du, eta hori garatzeko askotariko pertsonaiak ere bai. Tamalez, haien arteko loturak ez dira horren aberatsak.

Minutuek aurrera egin ahala, pertsonaiek eztabaidatu, elkar zaindu eta maitatuko dute, baina erdialdera, telesaila ideiarik gabe geratzen da, eta bere burua errepikatzen hasi. Dear Edward-ek osagai guztiak ditu urte hasierako lan gogoangarrietako bat bilakatzeko; oraingoz, ordea, pauso bat gehiago ematea falta zaio. Ikusteko dago sortzaileek ba ote duten karta ezkuturik, hutsunearekin bizitzen ikasten ari diren pertsonaien arimak elkartzeko eta zorigaitzezko istorioa zorioneko ikustaldi bihurtzeko.

'DEAR EDWARD'
Sortzailea: Jason Katims.
Aktoreak: Colin O'Brien, Connie Britton, Taylor Schilling, Amy Forsyth.
Herrialdea: AEBak.
Urtea: 2023.
Non ikusi: Apple TV Plus.
Atal bakoitzaren iraupena: 50 minutu.
Generoa: drama.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Joseba Sarrionandia <em>Kristalezko begi bat</em>-en pasarte bat irakurtzen, atzo, Bilboko Arriaga antzokian. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Gorpuztutako literatura

Amaia Igartua Aristondo

Miren Agur Meaberen 'Kristalezko begi bat' eleberria irakurri dute ahots goran Bilboko Arriaga antzokian, Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatutako XVI. Irakurraldi Jarraituan.
 ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

«Kontsultaren eta laborategiaren artean zubiak eraikitzea dagokit»

Iker Tubia

Laguntza eta jakin-mina aipatzen ditu Mendibek neurologiaz hitz egitean, baita pazienteak eta talde lana ere. Esklerosi anizkoitzaren alorrean izan diren aldaketa «sekulakoak» azaldu ditu. Esan duenez, alzheimerra eta AEA dira erronka nagusiak.
 ©EITB

«Primeran plataforman egongo da fikzio euskaratua, ez ETB1en»

Urtzi Urkizu

EITBk irailean aurkeztuko du Primeran plataforma. Iparragirrek iragarri du filmak, telesailak eta dokumentalak izango direla ardatz nagusia —%99 euskarazko audioarekin edo azpidatziekin—.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.