Albistea entzun

Parisko zibererasoak 'brexit' osteko aroan

Apple TV Plusek 'Liaison' thrillerra estreinatu du, frantsesez egindako lehen telesaila. Vincent Cassel eta Eva Green aktoreak dira protagonista, zerbitzu sekretuetako agente ohiak telesailean
LIAISON Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Yarza Artola -

2023ko otsailak 25

Pisu txiki bat, lagunak, musika ozena, alkohola, apustuak... gau giroko festa, erabatekoa. Leihotik irten eta begirada zabalduta, kontrastea. Hiri ilun bat, kale argien mantupean, eraikin suntsituak, helikopteroen hotsa eta ezkutuan eraso bat antolatzen ari den gizonezkoa.

Liaison Frantziako telesaileko lehen eszenan, kamerak aire bidezko travelling elegante bat baliatu eta ikuslea Damasko hiriburu siriarreko unibertso batetik bestera garraiatzen du. Etortzeko dagoenaren seinale da; izan ere, kontakizunak bi munduren arteko arrakala esploratzen du, goi mailako erakundeen eta sistema hankaz gora jarri nahi dutenen arteko haustura.

Garai batean maitale izandako zerbitzu sekretuetako bi agente dira istorio honetako protagonistak. Euren helburua: nazioartean zibererasoak gauzatzen hasi den talde bat atzematea. Bikotearen rola jokatzen aritu dira Vincent Cassel eta Eva Green aktore frantziarrak. Aspaldidanik, izar entzutetsuak dira, jaioterritik harago distira egitea lortu dute, eta agerpen bakoitzean pantaila txiki uzten dute.

Azken boladan, Apple TV Plus plataformak Hollywoodeko zein Europako aktore ezagunenak fitxatu izan ditu, eta haien bidez lortu du ikus-entzuleak bere katalogoko nobedadeetara erakartzea. Sagarraren erraldoiari apustu batzuk primeran irten zaizkio, beste batzuk ez hain ondo, eta Frantziaren eta Erresuma Batuaren arteko koprodukzio honek badu azken talde horretan jausteko arriskua.

Eiffel dorrea, Eliseoa, goi agintarien ospakizun diplomatikoak... Parisko istorio erromantiko tradizionaletatik urrun, telesail honek hiri ilunago bat eraman du iruditara, itzalean antolatzen diren azpikeria politikoen eta itun korporatiboen erretratua osatu du. Are gehiago, Emmanuel Macronen antza duen fikziozko Frantziako presidente bat ere sortu dute.

Virginie Brac emakume aljeriarra da telesail honetako sortzailea. Gidoigile beteranoa, ekoizpen frantziarretan aritu izan da urte luzez, eta beretzat hau da mundu mailako irismeneko lehen proiektua. Apple marka duen ekoizpen bat frantses hizkuntzan egin duten lehen aldia ere bada.

Estreinako atalak bi ardatz ditu: batetik, Erresuma Batua kolapsatu lezakeen zibererasoa eta, bestetik, berriz ere topo egin duten amorante ohiak. Lehen minutuetan, telesailak erakutsi du gai dela kode formal eta narratibo ezberdinak uztartzeko. Espioitza thriller ez ezik, familia drama ere izan liteke, giza harremanen esparru intimoena esploratzeraino. Aurrekontu ondrosoa tarteko, saioak akzio eszena ikusgarriak ere baditu, eta gogoeta egin nahi du hainbat gai mamitsuren inguruan, tartean Frantziako immigrazioa, brexit-a eta europar sentimendua. Horrenbeste alor barne hartu nahi izateak, ordea, badu arrisku bat. Ezer ez findu eta dena erdizka uztearen arriskua.

Astez aste emango den sei ataleko telesail labur honen erronka nagusiak izango dira askotariko erregistroak modu zentzudunean bateratzea eta tonu propio bat topatzea. Espero dezagun ekoizleek debalde xahutu ez izana esku artean eduki duten frantziar talentua eta dotorezia.

'LIAISON'
Sortzailea: Virginie Brac.
Aktoreak: Vincent Cassel, Eva Green, Peter Mullan, Gerard Lanvin, Daniel Francis.
Herrialdea: Frantzia.
Urtea: 2023.
Non ikusi: Apple TV Plus.
Atal bakoitzaren iraupena: 60 minutu.
Generoa: thrillerra.?

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Joseba Sarrionandia <em>Kristalezko begi bat</em>-en pasarte bat irakurtzen, atzo, Bilboko Arriaga antzokian. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Gorpuztutako literatura

Amaia Igartua Aristondo

Miren Agur Meaberen 'Kristalezko begi bat' eleberria irakurri dute ahots goran Bilboko Arriaga antzokian, Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatutako XVI. Irakurraldi Jarraituan.
 ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

«Kontsultaren eta laborategiaren artean zubiak eraikitzea dagokit»

Iker Tubia

Laguntza eta jakin-mina aipatzen ditu Mendibek neurologiaz hitz egitean, baita pazienteak eta talde lana ere. Esklerosi anizkoitzaren alorrean izan diren aldaketa «sekulakoak» azaldu ditu. Esan duenez, alzheimerra eta AEA dira erronka nagusiak.
 ©EITB

«Primeran plataforman egongo da fikzio euskaratua, ez ETB1en»

Urtzi Urkizu

EITBk irailean aurkeztuko du Primeran plataforma. Iparragirrek iragarri du filmak, telesailak eta dokumentalak izango direla ardatz nagusia —%99 euskarazko audioarekin edo azpidatziekin—.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...