Albistea entzun

Kulturarteko punk eztanda feminista

'We Are Lady Parts' Erresuma Batuko komediak emakumez osatutako punk talde musulman bat du ardatz. Filminek estreinatu du Hego Euskal Herrian
FILMIN Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Yarza Artola -

2023ko martxoak 11

Pistol, The Eddy, The Dirt, Metal Lords... azken urteetan ugaritu egin dira errealitatea inspirazio iturri duten musika taldeen inguruko fikzioak. Emakumeen ahotsak erdigunean jartzeko ahalegina, ordea, faltan sumatu izan da horietako gehienetan. Orain, Erresuma Batuko Channel 4 telebista kate publikoan estreinatu zenetik bi urtera, We Are Lady Parts telesaila Hego Euskal Herrira heldu da, Filmin plataformaren eskutik. Londresen punk talde bat osatzen duten bost emakume gazte musulmanen inguruko istorioa da.

Telesailak hiru Bafta sari irabazi ditu, eta Erresuma Batuko kritikarien ahobatezko gorespena jaso du. Narrazio estiloa zuzena da, eta muntaketa, bizia, erraz jarraitzen diren horietakoa. Baina estalkiaren azpian entretenimendu soila baino askoz gehiago dago. Neskato protagonista tradizio musulmanean kateatuta dabil, amodio erromantikoari eta ezkontzeko desirari uko egin ezinik. Gitarra irakaslea den arren, agertokira igotzearen beldur da, eta bere bizitza hankaz gora jarriko dute musika talde bat osatu nahi duten lau neska grinatsuk.

Punk musikaren desafiorako espiritua euren egunerokoan praktikara eramanez, Lady Parts bandako kideek «Voldemort nire belopean», «Bashir bizar on batekin» eta «Inperioak hautsia, MTVk aupatua» tankerakoak oihukatzen dituzte mikrofonoan, mundu moderno eta nahasi honetan benetan aske izateko euren lurralde bakarra musika balitz bezala.

Musika eta ahalduntzea

Entsegu lokaletik audizio gelara bidean, autoan entzuten eta kantatzen dituzte euren artista kuttunen ereserkiak; tartean, Blink 182, System of a Down, Slipknot eta Chavela Vargas. Baita folk pakistandarreko Sanam Marvi izarraren doinuak ere. Musikak goitik behera zeharkatzen du telesaila, eta hori ez da kasualitatea; izan ere, istorioa Singapurren jaiotako Nida Manzoor sortzailearen bizitzan inspiratuta dago, eta hura da soinu bandaren konpositorea. 8 urteko haurra zenetik jo izan du gitarra, eta musika izan zen haren lehen pasioa, zinema munduan barneratu aurretik. Giro horretan uler litezke dagoeneko pop kulturako artefaktu diren La La Land filmari eta The Handmaid's Tale telesailari eginiko keinuak.

Emakumeen ahalduntzea telesailaren ardatzetako bat da, baina baita botere joko labainkorra ere. Taldea punk lotsagabea egitetik sare sozialetako fenomeno izatera igaroko da, eta sortzaileak iraultzaz, arrakastaz eta gizarte onarpenaz gogoeta egiteko baliatuko du.

Telesailak espiritu aske, jostari eta umoretsua du, baita iraupen laburra ere: sei ataletako bakar bat ere ez da ordu erdira iristen. Horregatik, nerabeekin eta euren ahotsa bilatzen ari diren gazteekin konektatuko du batez ere, eta, oro har, sistema honetan ezberdin sentitzen den edonorekin, izan musika, politika, genero identitatea edota erlijio sinesmenen bitartez.

We Are Lady Parts-en amaiera atsegina eta biguna da, aurreikus litezkeen horietakoa, baina gehiago eman dezake, eta horren seinale da dagoeneko baieztatuta daukan bigarren denboraldia. Bozgorailuek patriarkatuaren atzaparretatik urrun egingo dute orro, beste behin ere.

'WE ARE LADY PARTS'
Sortzailea: Nida Manzoor.
Aktoreak: Anjana Vasan, Sarah Kameela Impey, Faith Omole, Lucie Shorthouse, Juliette Motamed.
Herrialdea: Erresuma Batua.
Urtea: 2021.
Non ikusi: Filmin.
Atal bakoitzaren iraupena: 25 minutu.
Generoa: komedia eta drama.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Joseba Sarrionandia <em>Kristalezko begi bat</em>-en pasarte bat irakurtzen, atzo, Bilboko Arriaga antzokian. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Gorpuztutako literatura

Amaia Igartua Aristondo

Miren Agur Meaberen 'Kristalezko begi bat' eleberria irakurri dute ahots goran Bilboko Arriaga antzokian, Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatutako XVI. Irakurraldi Jarraituan.
 ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

«Kontsultaren eta laborategiaren artean zubiak eraikitzea dagokit»

Iker Tubia

Laguntza eta jakin-mina aipatzen ditu Mendibek neurologiaz hitz egitean, baita pazienteak eta talde lana ere. Esklerosi anizkoitzaren alorrean izan diren aldaketa «sekulakoak» azaldu ditu. Esan duenez, alzheimerra eta AEA dira erronka nagusiak.
 ©EITB

«Primeran plataforman egongo da fikzio euskaratua, ez ETB1en»

Urtzi Urkizu

EITBk irailean aurkeztuko du Primeran plataforma. Iparragirrek iragarri du filmak, telesailak eta dokumentalak izango direla ardatz nagusia —%99 euskarazko audioarekin edo azpidatziekin—.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...